Gaitza egiten da azken Nobel sariari buruz honela hitz egitea, batez ere batek ez duenean bere burua nik-zer-dakit-zer-tzat, baina egiari zor, J.M.G. Le Clézioren azken nobela (Ritournelle de la faim, Gallimard; gaztelaniaz La música del hambre, Tusquets) bukatu, eta ez naiz sobera kontent geratu. II. Mundu Gerraren testuinguruan kokatua, Parisko familia mauriziar baten istorioa da Le Clézioren emaitza berriena.
Ethel Brun neskatxa gaztea denean hasten da istorioa, eta hiru zutabe nagusiren gainean eraikitzen da: Soliman jauna, Ethelen osaba zaharra; Xénia jatorri errusiarreko ikaskidea; eta etxeko egongelako tertuliak, non parte hartzen duten pentsamolde eta jatorri ugaritako paristarrek. Istorioak aurrera egin ahala, Ethelen txikitako bizitzaren hiru oinarri horiek gainbehera etorriko dira (irakurri nahi duenari errespetuz, ez dut azalduko nola).
Le Cléziok kontatzeko daukan abilezia ez dut auzitan jarriko. Lore gehiegirik gabe, hitzak behar bezala aurreztuz baina pasa gabe (nahiko estandarra begitandu zait idazkera), 200 orrialde eskaseko nobela da, eta eserialdi bakarrean bukatu dezakezu. Beharbada eskertuko nuke ausardia estilistiko handiagoa, baina hori gustu kontua da, eta edozein modutan, hor izango ditut zain nouveau romanaren esparruan egin zituen lanak, nahi izanez gero.
Pertsonaiak ere ongi egituratuta daude eta azpimarragarria egin zait aitaren, Alexandreren, agerpena: badago, baina ez dago; eta erdi-mamu izaera horrekin ere, familia osoaren bizitza baldintzatuko du. Da, edo izan liteke, ekonomia modernoaren metafora bat: inori ez zaio axola, arazoak ematen hasten den arte.
Eta orduan, zerk egiten du huts? Gauza batek nabarmen: nobelari titulua ematen dion “gose” hori bukaerako 30 bat orrialdetan baino ez dela azaltzen. Gertatu zaizue noizbait txinatarrean eskatzea arroz frijitua ganbekin, eta jaten hastean konturatzea, ganba bakarra dagoela platerean? Ba, horixe. Nik ganba gehiago espero nituela, “gose” gehiago, batez ere nobela hartu aurretik banekienean II. Mundu Gerra nonbait azalduko zela. Eta agertzen da, baina ez espero nuen gordintasunaz. Trukean, arroz asko dago: gurasoen harremanak dituen pitzadurak, egilearen biografiarekin zerikusia izan dezaketen pasarteak… eta Paris ezohiko samarra. Goxoa, bai, baina arroza.
Tira, ea astia hartzen dudan Le procès verbal irakurtzeko. Hori, ziurrenik, diferentea izanen da.
1 Iruzkin
[…] datorren urtean izango dugula euskaraz Nobel berriaren obraren bat. Ea J.M.G. Le Clézioren azkena baino gusturago irakurtzen dudan… Etiketak: alexander solzhenitsyn, dario fo, harold pinter, herta muller, nobel […]