Orain argi dago: literatura gaizki irakasten da

Gorka Bereziartua
2

Idurre Alonso
Idurre Alonso

Espero dut Idurre Alonsoren doktore tesiak zeresana emango duela bulego batzuetan. Zehazki, kultur eta irakaskuntza alorretako politikak diseinatzen dituztenetan. Literaturaren irakaskuntza Hego Euskal Herriko Batxilergoan lanak askoren susmoa berretsiko baitu: gaur egungo euskal literaturaren irakaskuntzak ez duela curriculum-legearen helburu bat bera ere lortzen.
Ondorio horretara iritsi da Alonso, Hegoaldean literatura irakasteko erabiltzen diren ereduak aztertu ondoren. Bi ereduk elkarri gain hartzen diotela dio ikerlari eibartarrak: literaturaren historia irakastea helburu duena batetik; eta literaturaren bidez ikaslearen gaitasun komunikatiboak garatzea xerkatzen duena, bestetik. Laburrean: xede gehiegi, gogoeta gutxiegi, eta azkenerako ez irakasleek eta ez ikasleek ez dakite nondik heldu harriari. Beraz, ikastetxe bakoitzaren esku geratzen da ikasgaia antolatzea. Beraz, praktikan, irakasle bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora eskaini gaiari. Beraz, denbora gutxiegi eskaintzen zaio.
Azpimarratzekoa tesiak eskaintzen duen beste datu bat ere: literatur generoek, sariek eta testu liburuek erabakitzen dutela neurri handi batean eskolan irakatsiko den materia. Irakurtzen diren obren kasuan berriz, faktore erabakigarriak generoa eta idazlearen ospea dira. Datutik haraxeago joanez, erraz ikusten da ikasleek poesia, antzerkia eta saiakera ukitu ere ez dituztela egingo batxilergoan. Eta ipuinak zertxobait; baina ez generoaren egokitasunagatik, ezpada gure idazle ospetsuenaren (Bernardo Atxagaren) lan ezagunena ipuin liburua delako.
Lema daramatenen esku dago norabidez aldatzea. Baina Bounty honetan matxinada txikiren bat antolatu ezean (eta presio “demokratikoaz” ari naiz, noski: lobby bat sortzeaz-edo) ez daukat esperantza handirik: beste norantzetan dauzkate begiak kapitainek. Honelako txikikeriak ez dira “estrategikoak”. Eta horrela doa (barka dramatikotasuna) barkua hondora. Baina pribilegio handia izan da zuekin jotzea, e?

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA