Stayman gehiegi (Super Heroiak informatiboan)

Gorka Bereziartua
0

Kent Brockman staymana egiten
Kent Brockman stayman lanetan

ETBko albistegien azken aldiko esperimentua ote den, ala ni berandu jabetu naizen, ez dakit. Baina, ez al zaizkizue arraroak egiten Gaur Egunen eta Teleberrian, gaueko edizioan egiten dituzten zuzeneko konexioak? Normalean Xabier Madariaga izaten da staymana, eta eguneko gaiari buruz hitz egiten digu kaletik. Pantailaren txoko batean “zuzenean” jartzen du.

Ez dut esango teknika bezala efektiboa ez denik: balio du, ikuslea jabetu dadin albistea jasotzen ari den denbora berean ari dela ekoizten. “Benetako” albiste bihurtzen da  zuzenean emititzen dena, eta badirudi kalitate plus bat daukala, grabatutako berrien aldean. Albistegia bera bipilagoa, ausartagoa bihurtzen da… Indiana Jones-agoa, nahi bada. Baina ETBn egiten den gehiegizko erabilerak zalantzaz betetzen nau. Staymana teknika modura eraginkorra iruditzen zait, baldin eta kazetariaren atzean gertatzen ari denak esanahirik badu. Eta gutxitan gertatzen da hori. Adibidez, KPIri buruzko albiste bat janzteko Bilboko kaleetan zuzeneko konexio bat egiteak, ez dut uste balio erantsirik ematen dionik.
Ez da, kuanto, ETBn bakarrik gertatzen. Hegoaldean ikus daitezkeen informatibo gehienetan joera bihurtu da kazetaria kamera aurrean agertzea, atzean inolako interes informatiborik ez duen paisaiarekin. Aldiz, geroz eta gutxiago dira politikari, musikari, sindikalista edo idazleei (ofizio batzuk jartzeagatik) zuzenean egindako elkarrizketak. Zer esanik ez, egunerokoaren analisia erabat baztertu da (eta gai batzuekin, nazioartekoekin adibidez, eskertuko genuke, gainontzean zakurraren ipurdian jendea elkar hiltzen ari dela besterik ez baitugu jakiten). Baina ez da ikusgarria. Eta beraz ez da egiten. Informazioa eskaintzea jende arruntaren lana baita, eta telebistak Super Heroiak nahiago ditu. Tamalez, Staymanen superbotereen artean ez dago mundua ulertaraztekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA