Kurt Cobain bizirik dago

Gorka Bereziartua
0

Cobain, Guitar Hero jokorako berpiztua
Cobain, Guitar Hero jokorako berpiztua

Eta berriz jotzen ikusiko dugu, Fender Stratocaster urdin argi batekin, 15 urte beranduago. Ez, noski, agertoki normal batean, pantaila batean baizik. Guitar Hero bideojokoaren 5. edizioak egin du mirakulua: Nirvanaren abeslaria hobitik atera, MTVrentzako Unplugged in New York diskoa grabatu zuenean zeramatzan arropak jantzi, eta jendaurre birtualera eraman dute berriro ere.

Cobain berpiztea ez da jokoa izan ordea. Irakurri dugunez, zaila izan da mahai berean esertzea Courtney Love (abeslariaren alarguna), Dave Grohl (Nirvanan bateria-jole, egun Foo Fighters-eko abeslaria) eta Primary Wave Publishing konpainia (Seattle-eko taldearen katalogoa administratzeaz arduratzen da). Are zailagoa, bat etortzea.
Behin akordioa lortuta, Love-ek erabaki du nola jantzi bere senarra pantailarako eta ez ei du arazorik jarri Activision enpresari argazkiak, bideoak eta antzeko materiala uzteko. Emaitza, beheko bideoan ikus dezakezue: ezin esan Cobainen antzik ez duenik, baina mugitzeko era horrekin (zuzenago litzateke “ez mugitzeko era horrekin” esatea), lasai asko izan zitekeen Bertso Hero jokoko protagonista ere…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA