Telefono bati buruz inoiz egin den kantarik onena

Gorka Bereziartua
6

Telefonoak hainbeste kanta inspiratuko zituenik!
Goian, kanta askoren inspirazio iturria

Telefonoak jo du eta ez du hartu nahi, baina zer erremedio. Gaitzerdi, konbertsazioa motza izango da. Motzagoa ere izan zitekeen. Hoberena, konbertsaziorik ez egon izana. Eta posible zen, lerro artean irakurtzen jakinda. Baina orain berdin dio, ez baita bost minutu baino gehiago luzatu. Moztu da deia, eseri zaizu aulki batean, nahastu samar, eta orduak zenbatzen pasa ditu orduak. Nazkatu denean, ordenagailua piztu du, eta hasi zaizu kanta baten bila. Ezagutzen ez duen kanta baten bila.Telefono deiei buruz hitz egiten duen abesti bat xerkatzen du: elkarrizketak eragin dion durduza bilduko duen doinu bat.

Etxekoetatik hasi da. Negu Gorriaken Hemen izango bazinaren hasierako erantzungailu automatikoa etorri zaio gogora. Baina gero, hitzez gogoratu da, eta garbi dauka deiaren egileari ez diola esan nahi, zera: “Hemen izango bazina ez nuke besteen beharrik izango”. Jousilouliren Kristaletik ez zaio txarra iruditu, baina argi dago bere kasuan zein den “Ahaztu al dut zure telefono zenbakia?” galderaren erantzuna: ez. “Nahiago ahaztu izan banu” dio bere kolkorako.

Euskaraz egindakoen artean probetxuzko ezer aurkituko ez duela ikusita, ingelesera jo du. Eta ikusi du ez dela mundu honetan gaiarekin interesatutako bakarra: blog batean zerrenda luuuze bat aurkitu du, Shakespeareren hizkuntzan telefonoak aitatzen dituzten kanta mordoarekin. Horiek arakatu ostean, ordea, zera ikusi du: gehienak desamodio istorio estandarrak direla. “Ez zenidan deitu”, “deitzen dizut eta ez didazu hartzen”, “zure deiaren zain”… Baina berak beste zerbait nahi du. Beharbada, existentzialagoa. Seguru, txikle gutxiago duena.
Begiak gorritu zaizkio eta kontua baztertzekotan da, baina halako batean single batez oroitu da, aspaldi, musikarentzat hain ona izan zen 1990eko hamarkadan, entzun zuena. Jim Carreyren film negargarri bateko soinu bandan zegoen: Primitive Radio Gods taldearen Standing Outside a Broken Phone Booth With Money in My Hand da. Titulutik kontraesankor eta absurdua, hip-hop oinarri baten gainean egindako pop kanta da, eta hitzak irakurtzean jabetu da ez zituela musikan erantzunak bilatzen, galderak baizik: “Am I alive or thoughts that drift away? Does summer come for everyone? Can money pay for all the days I lived awake but half asleep?” Zalantza gutxi: hau duzu telefono batez inoiz egin den kantarik onena.
Entzun, eta ausartu kontra egiten.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA