Gu ere akordatzen gara Jose Afonsorekin

Gorka Bereziartua
0

80 urte beteko zituen Afonsok aurten
80 urte beteko zituen Afonsok aurten

A Nosa Terra astekari galiziarreko labur baten bidez jakin dut Jose Afonsori omenaldia egin ziotela hilaren 10ean, Galizia eta Portugalgo hainbat artistak, Clube Litérario do Porto-n. 1929an jaio baitzen Zeca, abuztuaren 2an. 80 urte, bizirik balego. Eta ni enteratu gabe. Aldiz urtero, Krabelin Gorrien Iraultzaren urteurrenarekin, irratian haren kanta bat entzuten dugu, Grandola Vila Morena, betirako iraultzarekin lotuko dena. Baina ematen du kantaren egilea irentsi egin duela gertakari sozio-politikoak.

Afonsoren musika gehiegi ezagutzen ez dudan arren, entzundakoak merezi duelakoan hasi naiz sarean bila, pentsatuz historiak musikari handi bat bazterrean utzi duela berriz. Justiziaren izenean post- bat idatzi beharko dudala. Ez dagoela deretxorik, inor ez gogoratzea tristea dela, tar, tar, tar.
Baina ez. Barruko ahariak ez du munduaren kontra topeka egingo: ikusi dut, zorionez, ez dela Oportokoa egin dioten omenaldi bakarra. Jose Afonso izeneko elkarte bat dago, eta “80 anos de Zeca” izenburuarekin ekitaldi sorta antolatzen ari dira. Bloga ere badute, txukun eguneratua, antolatzen duten guztiaren berri emateko.
Eta beraz, super-heroi-blogari-justiziazalearen rola jokatzea ezinezkoa denez, beste zerbait eskaini beharko dudalakoan, musikariak euskaldunekin harremanik izan zuenetz deskubritzea otu zait. “Jose Afonso Euskal Herrian” googleatu, eta hara, Zeruko ARGIAn 1979an egindako elkarrizketa bat atera zait. Artasok sinatzen du. Erreskate txiki honek balio dezala omenaldi gisa. Urte askotarako Zeca!:

Z.A.: Erraza al da Portugalen profesionaltzea?
J. A.: Ia erabat ezinezkoa. Orain arte egin duguna boluntarioa izan duk, ia dena eginez: ajitadore, animatzaile… Ia klandestinitatean, kobratu gabe. Eta jendea horretara ohitu duk. Orain urtebete insistitu egin dugu eta koperatiba bat sortu dugu Fausto, Seglo Godinho, Victorino, Fanhaes, Cantadors do Redondo eta nik. Bakoitzak bere pertsonalitate berezia gordetzen du noski. Bada beste koperatiba bat PCri lotua: Adriano, Carlos Paredes (gitarrista handia) eta abarrez, osatua. Gare koperatiba ezkertiar independentea duk. Dena dela, eta Portugal gizarte kontsumista bat ez denez gero (oraindik) abeslari gehienak beste lanak eginaz bizi dira.

PS: Bistan denez, profesionalizazioaren kontua beti izan da konplikatua Boteretik urrun dauden musikarientzat…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA