Lehen pausoa

Gorka Bereziartua
0

Zorion perfektua
Zorion perfektua

Hau irakurtzen duzunerako Zorion perfektuak aurreneko asteburua pasea izango du Euskal Herriko zinema aretoetan. Guk, kazetari pribilegiatuok, lehenago ikusi ahal izan genuen, Donostiako Zinemaldian. Eta, buelta gehiegi eman gabe esateko, azken urteetan euskaraz egin den film onena iruditu zitzaidan. Komediatik ateratzen den film bat, azkenean; kontakizun lineala puskatzera ausartzen den zuzendari bat.
“Ez da gehiegi” esan dit irakurle batek. “Baina bada zerbait” erantzun diot. Zorion perfektuak ez ditu ikusle zorrotzenak aseko agian, baina badu balio erantsia ematen dion ezaugarri bat: euskal gatazka ardatz duen filma izanda, euskarazko nobela batean oinarrituta dagoela, Anjel Lertxundirena, kasu honetan.
“Nobela batean oinarrituta egoteak ez du ezer ziurtatzen” saltatu du zuetako batek; besteak bazterretik: “Egokitzapen kaskar assssko zegok hortik txo; gehienak!”; eta nik baietz, mundu guztia ez dela Richard Brooks bezain ona arte horretan… Baietz, baietz, baina… “baina”. Iruditzen zaidalako, euskal literaturak dituen altxorren artean, gatazka islatzeko modua dela distiratsuenetako bat. Ikuspuntu ugari, tradizio luze samarra, azken urteetako ugaritzea… Irakurlea ere beste gai batzuekin baino exigenteagoa delako, ziurrenik: hurbiletik bizi du, ezagutzen ditu egoeraren erpinak, ezin diozu erbia esan eta katua eman.
Baina Zorion perfektua pantailara iritsi den arte, istorio horiek guztiak liburuetan geratzen ziren —salbuespenak salbuespen—. Aldiz, azken urteetan euskal gatazka pantailan agertu bada, film espainiar propagandistiko eta manikeo samarretan baino ez da izan —El lobo, Todos estamos invitados edo El viaje de Arian etortzen zaizkit kolpean—. Ekoizpen horiek ez dute lortu gutxieneko sinesgarritasuna duen istorio bat kontatzea. Beharbada, ez zutelako asmorik ere. Elortegiren filmak bai. Eta eskertzen da, behingoagatik, ezker abertzalearen 90 minutuko karikaturarik ez ikustea, pelikulako protagonistak, zuzenean edo zeharka, ETAren biktimak izan arren.
Euskal zinemak, film honetan bezala literaturari gehixeago erreparatzen badio, agian bide interesgarria zabalduko da. Istorioak idatzita daude, nork egokituko zain. Eta ikusleek, nik uste, eskertuko dute gatazkaren ñabardurak pantailan ikustea, beste leku batzuetan ikusiko ez dituztenez.
[ARGIAren 2201. zenbakian argitaratua]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA