E-postara iritsi berri zaizkit aurtengo Euskadi Sarietan finalista izango diren sei liburuak: Zinea eta literatura (Harkaitz Cano), Gertakarien urtzea (Luis Garde), T (tragediaren poza) (Juanjo Olasagarre), Egunsentiaren esku izoztuak (Xabier Lete), Zoaz infernura, laztana (Anjel Lertxundi) eta last but not least, Bilbao-New York-Bilbao (Kirmen Uribe). Has gaitezke paramenak egiten, prentsa oharrak dioenez “datorren asteetan” (“datozen” egokiago litzateke, baina tira, euskaraz da, así que no te esmeres…) jakingo baitugu nork merezi duen Euskadi.
Niri ordea, beste kontu batek jo dit begian, epaimahaiaren osaerak: Maite González Esnal da epaimahaiburu, Marta Merino idazkari; eta gainontzeko deliberatzaileak dira Maite Toledo, Ivan Igartua, Gorka Aulestia eta Jon Kortazar. Azken izen hori irakurrita zeraz gogoratu naiz: Kortazar bera bazegoela berriki Espainiako Narratiba Saria erabaki duten jujeen artean. Eta, pixka bat atzerago joanda, jabetu naiz bera izan zela (urtero legez) Kritika Saria aukeratu zuena ere. Biak, jakina denez, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaorentzat izan dira.
Datu objektibo hori oso kontuan hartzekoa iruditzen zait: lagunekin irabazleari buruzko posturak egitean probabilitatea oso garrantzitsua baita, sosak barra-barra galdu nahi ez badira. Irabaziko ote du Uribek Euskadi Saria? Literaturaz apustuak egiteko Kirol Jokoaren antzeko makinarik balego, nik ez nuke dudarik egingo.
Eguneraketa (2009-10-16, 19:08):
Literatur apustuak egin zale den lagun batekin hitz egin dut oraintxe, eta nire probabilitate-logikarena baino modu sinpleagoan, silogismo baten bidez, garbi ikusi du irabazlea nor izango den. Ze, kontuan izanda:
A) Bilbao-New York-Bilbao dela 2009an Espainiako Estatuan idatzi den libururik onena.
B) Gainontzeko hautagai guztiak ere Espainiako Estatukoak direla.
Garbi geratzen da…
C) Espainiako Estatuko libururik onena ezin dela lurralde horren barruan dagoen beste edozein liburu baino txarragoa izan.
Logika, aizue, zein argigarria den batzuetan.
Euskadi Sarietako finalistak: apustuak egin nahi badituzue, hona datu objektibo bat
Gorka Bereziartua
11 Iruzkin
Gaur Berrian azaltzen denez, Xabier Leteren “Egunsentiaren esku izoztuak” ere finalisten artean dago.
Nik pare bat galdera ditut:
-Zergatik daude sei finalista bost beharrean? Aranbarri finalista baldin bazen eta uko egin badio, berez zenbat zeuden, zazpi? Edo zerrenda “betetzeko” ordezko bat hautatu dute?
-Non dago “Iragaitzaz”?
Gehitu dut Xabier Leteren liburua Beñat, mila esker. Prentsa oharrean bazetorren, baina idazterakoan ez nuen jarri nonbait.
-Garde eta Leteren liburuekin, edonola ere, beste aukera batzuk zabaltzen dira: haietako batek irabaziz gero, sari nazionalaren ohorea salbu gera daiteke, poesia liburuak direlako, eta Uriberena, ordea, nobela (eta sari nazionala, narratibarena). Poesia liburu batek, beraz, irabaz dezake, arazo handirik sortzeke.
-Ni ere harritu nau pixka bat “Iragaitzaz” ez egoteak. Eta ez naiz bakarra.
Egia Iban, eguneraketan egindako silogismoan ahaztu egin zitzaigun, bai niri, bai lagunari, narratiba saria zela Espainiakoa, eta beraz poesia-liburuek badutela irabazteko aukerarik.
50×15 programan bageunde, zure komentarioa %50aren komodinaren tankerakoa litzateke: Uribe, Lete edo Garde dira irabazle posibleak, beraz.
Dei bat egiteko komodina izanez gero, noren telefonoa markatuko zenukete, erantzuna jakiteko?
Ahaztu gabe Harkaitz Canorena saiakera liburu bat dela, eta beraz (oker ez banago, badago Espainiako Saiakera Sari Nazionala ere)…
Baina, gainera, kontuan hartu behar da epaimahai bakoitza mundu bat dela, eta ondorioz Madrilen gertatutakoa ez dela zertan Gasteizen errepikatu behar…
Hala ere, niri ere zurea apustu seguruena iruditzen zait, zer nahi duzue esatea.
Bai, arrazoi (ez nabil oso fin egunotan, redios): Canorena ere hautagai posibleen artean sartzen da, eguneraketako logikaren arabera… Baina ni ere zurekin ados nago, nirekin ados zaudela diozunean.
Bat egiten dut Beñat Sarasolaren galderekin. Oso egokiak iruditzen zaizkit, epaimahai horren barne-funtzionamendua zein den ondorioztatzeko. Baina, Iñigo Aranbarriren nobelari dagokionez, nik galdetuko nuke zergatik finalistak ez diren zazpi oraindik, ukoa, oker ez banago, epetik eta bide administratibotik kanpo eman baitzuen, hots, legezko baliorik gabe. Ukatu nahi zaio Utikan goragotik esateko aukera?
Nik, paradoxak paradoxa, bera banintz, esijituko nuke finalisten artean egoteko eskubidea.
Kontrako apustua ere egin du baten batek:
http://www.blogari.net/klig
Xabier Leterentzat Euskadi Literatur Saria ‘Egunsentiaren esku izoztuak’ lanagatik
BERRIA
[…] Euskadi Sarietako finalistak: apustuak egin nahi badituzue, hona datu objektibo bat […]
[…] egina zuten zenbaitek (Gorka Bereziartuak Argiako boligrafo gorria blogean, adibidez) Euskadi Sarietan irabaziko zuen lanaz. Bereziartuaren silogismoak silogismo, […]