Supermerkatuko iraultzaile maskaratuaren bila

Gorka Bereziartua
3

Aznar Vader
Aznar Vader

Aurtengo martxoan Planetak argitaratua, Jose Maria Aznarren España puede salir de la crisis (Espainia krisitik irten daiteke) liburua inoiz blog honetara ekarriko ez nukeen produktua da. Ez dut uste horren zergatiak azaldu behar ditudanik. Baina ekartzea erabaki dut hala ere, eta jakin nahiko duzue arrazoia. Duela bi aste,  Usurbileko merkatal gune handi bateko supermerkatuan hasi zen post- honen historia.

Banenbilen, azenario eta jogurt artean nire saskia osatzen, liburuen sailera iritsi nintzenean. Ez naiz literatura horrelako lekuetan erosi zale, azken-azken aldiko produktu hiper-salgarriak bakarrik izaten dituztelako, auto-laguntzazko eta sukaldeko liburuekin nahas-mahas; baina jakin-mina nuen.
Dan Brownen eta Ken Folletten liburukoteen artean, nire arreta deitu zuen buelta emanda zegoen batek: kontrazaleko letrak bakarrik ikusten ziren salmahaian, eta liburua eskutan hartu beharra zegoen norena zen ikusteko. Hartu dut ba, eta hara: FAESeko buru bibotedun txikiaren azken saiakera zen. Pentsatu nuen: “Norbaitek, hemengo erosleen osasunaren mesedetan, buelta emango zion”. Haren kriterioa errespetatuz, zegoen bezala utzi nuen bere lekuan, azalez bera.
Baina joan den asteburuan, Donostiaren aldirietan dagoen beste merkatal gune handi batean izan nintzen. Supermerkatuko liburuen sailera jo nuen han ere, ikusi nahian eskaintza zabalagoa aurkituko nuenetz (Usurbilen aurkitutakoaren antzekoa zen, bide batez). Pérez-Reverteren eta Ruiz Zafónen paper pilen artean nenbilela, hara non ikusten dudan berriz buelta emandako liburu bat. Eskutan hartu, eta Aznarrena zen ostera.
Kointzidentzia handiegia iruditu, eta galdera instantean etorri zitzaidan: Iraultzaile maskaraturen bat ote dabil Gipuzkoako supermerkatuetan, Joxe Mari txikiaren obraren kaltez? Bakarra da, ala talde bat osatzen dute? Eragin ote du liburuaren salmentetan?
Gero, etxera joanda, galdera gehiago jaio zitzaizkidan: zer egiten du Aznarren liburuak Gernikako Arbola baino euskaldunagoa ei den korporazio kooperatibo bateko supermerkatuan? Zergatik euskarazko libururik ez nuen aurkitu apenas? Zer dela-eta zeuden Aznarrez gain, Ussiak, Vidalek eta antzekoek idatzitako lanak?
Baina galderak egiten hastea arriskutsua denez, errematekoa ere sortu zen gutxien espero nuenean: eta zuk, igandeko marxista horrek, zer egiten zenuen merkatal gune horietan, herriko dendetan erosi ordez? Eta gaiez aldatzea hobe zela pentsatu nuen. Denok baititugu gure kontraesanak, batzuk besteak baino kontrago esaten baditugu ere.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA