Ia bi aste hemen idatzi gabe, eta, esango duzue, a zer muturra mutilak esplikazioren bat eman ordez galdezka etorrita. Baina galderak besterik ez dauzkat aste honetan Garan argitaratu den artikulu bat irakurri ondoren. Labana aterata idatzita dago, Euskaltzaindiak Bernardo Atxagaren gidaritzapean kaleratu berri duen Erlea aldizkaria hizpide hartuta.
Artikuluari buruzko kontsiderazioetan sartu gabe (Hari@n dago pusketa mamitsuena, nork bere juzkua egin dezan) egileaz berba egin nahiko nuke. Amaia Markuleta, itzultzailea. Ez nuen ezagutzen, eta Google orojakileari galdetu diot. Facebook-eko soslai bat, eta datu profesional batzuk ukan ditut arrapostu, baina ez dira itzultzaile batenak.
“Amaia Markuleta ezagutzen?” galdetu dut eskura dudan literatur-gezurmendietako batean. Eta erantzunik ez. Beraz, iritsi zaidan zurrumurru bati jarraituz, eta tiroa egurretik ateratzeko beldurra daukadan arren, esango nuke ez dagoela Amaia Markuletarik.
Erleari buruzko eztabaidari muzin egin gabe, uste dut kontu honi beste buelta bat emateko aukera dugula, galdetuz zer den garrantzitsuagoa egun, iritzia ala iritzi-emailea. Susmoak konfirmatuz gero, Amaia Markuletarik egongo ez balitz, haren iritziak balioa galduko ote luke? Zer motiborengatik hasi dira ugaritzen pseudonimoak euskal letretan (Anonimo Islandarra, Mikelats Gorroto…)? Eta, erremateko tiroa botatzeko: ez al da paradoxikoa mundu guztiak pseudonimoz ezagutzen duen Joseba Irazuk horrelako kritika jasotzea, noren eta pseudonimoz idazten duen beste norbaiten partetik?
Esan beharrik ez dago, asunto honetaz inork argibiderik ematen badit, KKP baterako (Kafe, Kopa, Puru) gonbitea irabaziko du.
PS: Bide batez, azken aldian literatur kontuetan misterio askotxo ez ote naizen ekartzen ari…
10 Iruzkin
Ba itzultzailea izateko ez du oso ondo idazten…
“Bistan da euskal literatura eta euskal irakurleria umezurtz jarraitzen dutela”
Yodaaaaa, non dago ergatiboa!!!!???
Horiek begiak,
“benetazko” Amaia Markuletarenak!
Sustatun post- hau aipatu dute, eta Pruden Gartziak erantzun egin dio. Egoki ikusi dut hona ekartzea:
Azken esaldiari helduta, barkatuko didazue broma: ez nekien Pruden Gartzia Selektah Kolektiboaren zale zenik…
Nik uste dut zure galderen erantzunak nahiko sinpleak direla:
1) Seudonimoen erabileraren inguruan, arrazoi nagusia beldurra dela esango nuke, errepresaliak saihesteko modua alegia; hor daude euskal literaturaren mundutxoan azken aldi honetan gertatutako zentsura kasuak (horietako batzuk aletzen genituen Volgako Batelariak-en duela ez hainbeste), eta, beraz, ez da harritzekoa. Dena dela, Bernardo Atxaga seudonimoa eta Amaia Markuletaren balizko seudonimoa lotzea, arinki bada ere, pixka bat fortzatua iruditzen zait, Gorka, argi baitago ez dutela inondik ere funtzio bera betetzen.
2) Seudonimoz edo modu anonimoan sinatzearen balioaren inguruan, bestalde, ez daukat zalantzarik ere: horrela aritzeak balioa kentzen dio, eta asko, botatako iritziari. Iritzia errespetagarria izateko iritzi horren erantzukizuna hartu behar du bere gain iritzi-emaileak. Eta uste dut Gara bezalako komunikabide batek ez lukeela halakorik onartu behar, bere orrialdeetan.
Aupa Iban:
Bai, badakit bi pseudonimoak lotzea pixka bat indarka egina dagoela, pirueta trakets samarra da, baina planteatzen duzun funtzio diferentzia hori interesatzen zaidalako egin dut. Alegia, ezizena noiz da baliagarria, mundu guztiak benetazko izena ez dela dakienean soilik? Ez al dio horrek zentzua kentzen ezizena erabiltzeari? Eta, batez ere, nola artikulatzen da hau guztia Interneten garaian, testu anonimoak eta pseudonimodunak hainbeste ugaritu direlarik?
Kontu horiek aspalditik dauzkat buruan, zalantza asko sortzen dizkidate, eta Markuleta anderearen atzean dagoen misteriotxoa baliatu nahi izan dut nire galderak plazaratzeko. Gainera, uste dut galderek beste zentzu bat hartzen dutela artikulu polemikoez baino kultur produktuen egileez hitz egiten badugu. Hau da: idazle ezagun batek publikatuko balu liburu bat beste izen batekin, arreta bera eskainiko genioke hedabideok? Zenbat begiratzen diogu kazetariok egileari, eta zenbat egindako lanari? Azkenean, gure txikian ere, star-systemaren parametroak hezurretaraino sartuta dauzkagu.
Edonola, deabruen teilatuetara igo baino lehen: kasu honetan ados nago zurekin. Artikuluak balioa galdu du. Frogarik argiena: pseudonimoez eztabaidan ari garela, eta ez Markuletak esandako ezertaz.
Nik, onartu behar dut, oso modu harrituan irakurri nuen Amaia edo delako horrek idatzitako artikulua. Hasiseran pentsatu nuen gazte baten artikulua zela, 12 euro!!! balio du aldizkariak, eta gauzak esateko moduagatik. Gero, poliki irakurrita, konturatu naiz hor aipatzen diren gai batzuk (non inprimatzen den aldizkaria, esaterako) oso jende gutxiren interesekoak direla eta oso gutxi fijatzen direla horretan… eta alde horretik, horrelako komentarioengatik (eta emakume ezkertiar batek Atxagaren emazteaz egiten duen aipu matxistagatik, eta abar) uste dut benetan mala letxez idatzitako artikulua izan dela. Zitalkeriaz.
Eta Prudenek dioen bezala… zital ezezagunei kasurik ez. Hori bai, laster edo beranduago jakingo dugu/da nork idatzi duen artikulu hori eta, benetan, ez duela idatzi euskal literaturaz kezkaturik.
Berandu irakurri nuen artikulua, lagun batek gomendatuta, eta berandu heldu naiz oraingo polemikara, asteburua ordenagailurik gabe eman eta gero. Horregatik perspektiba arraro batetik ari naiz.
Artikulua irakurri eta pentsatu nuen: “Ostia, hobe du neska horrek arrazoia edukitzea, bestela latza datorkio gainera. Eta… egia izatearen itxura dauka, ostia, ederra datorkie gainera Atxagari eta Pamielari”.
Bistan da ez nuela ez bata ez bestea asmatu.
Egileaz edo ez-egileaz ari gara, baina ez dakit zehazki zergatik. Zeinek daki Amaia existitzen ote den? Google-ek? Facebook-ek? EIZIEk? Gorkak? Guk? Uste dut kontu bakarra dela ez dugula ezagutzen.Kitto. Horixe, star system hutsa, Gorkak dioen bezala.
Ez dakit Garan ere ezagutuko duten eta ez dakit zein izango den gutuna argitaratzeko prozedura. Imajinatzen dut baldintza minimoez gain (izen-abizen, NAN, e-posta…), batez ere muinari begiratuko diotela. Alegia, libelo hutsa ote den ala egia den edo egi-zantzuak dituen. Asko jota bidaltzaileari eta artikuluan aipatua denari galdetuko diote. Asko jota diot, izan ere, kasu honetan egiaztatu behar dute eta bestetan ez? Eta Aitor Mentak ertzain batek kontrol batean euskaraz aritzeagatik zaplazteko bat eman diola dioenean? Bestetik, non egiaztatuko dituzte datuak? Gararen fitxategi sekretuan? Barne Ministerioari eskatuko diote?
Ergelkeriez ari gara.
Txinatarrek diote jakintsuak ilargia seinalatzen duenean ergelak hatzari begiratzen diola, edo antzeko zerbait. Ez dakit Amaia Markuleta jakintsua ote den, ez dakit ote den ere, baina bistan da gu ergel hutsak garela hatz bati begira. Eta ilargian… tomatea badagoela!
Kaixo, badirudi nahaste-borraste bat gertatu dela ni eta nire lengusinaren artean (ez da hau gertatzen zaigun lehendabiziko aldia). Bai, Facebook eta LinkedIn-eko neska hori naiz: Amaia Markuleta Arrula. Baina ez, ez naiz bilatzen ari zareten itzultzaile hori. Nik uste nire lengusina izanen dela, Amaia Markuleta Arana.
Mila esker,
Amaia
Gaur Amaia Markuleta bat agertu da komunikabideetan:
http://www.noticiasdenavarra.com/2009/12/18/ocio-y-cultura/la-gente-no-va-al-cine-a-ver-lo-que-ha-costado-un-filme-lo-que-le-interesa-es-la-historia
Artikulu horri esker, Euskal Herria Amaia Markuleta izeneko emakumez gainezka dagoela enteratuko gara. Ez dago gaizki.