Leontziok e-book bat behar du

Gorka Bereziartua
0

Leontziok horrelako bat eskura izan balu!
Leontziok horrelako bat eskura izan balu!

– Gripea?
– Ez: A Gripea. Baina lasai, ez da hainbesterako; astebete ohean eta pasako zaizu.
Eta Leontziok –izena asmatua da, ez bilatu errealitatearekin neholako antzekotasunik– bere osasunaren krisialdi txikia abagunetzat hartuko du. Pentsatu du aukera ona izan daitekeela aspalditik irakurri gura zituen liburuei heltzeko. Matematika hutsa: zazpi egun bider 24 ordu, 168 oren dauzka aurretik, aspaldian lanak uzten dizkion tarteak baino askoz gehiago aste bakarrean.
Amari –ume garaietan legez zainketa intentsiboak eskaintzen ari– eskatuko dio liburu dendara jaisteko, eta ekartzeko aspalditik daukan gutizia bat, John Dos Passosen Manhattan Transfer, baina arren, otoi eta faborez, izan dadila euskal itzulpena, Ibaizabalek Literatura Unibertsala bilduman argitaratua Marcelo eta Iñaxio Lopez de Arana itzultzaileen lanari esker.
Joan zaizu ama herriko dendara, eta kale; kapitaleko handienera, eta kale; probatu du txikiagoetan, euskal produkzioari arreta gehiago eskaintzen diotenetan, bigarren eskukoetan… kale, kale, kale. Eta Leontziok beste obra batzuei kateatuta pasa du gaixoaldia. Hemingwayrekin dibertitu da, Baudrillardi esker pentsatu du, eta T.S. Eliotekin… Tira, T.S. Eliot ez du ulertu, baina irakurri du eta harroxko jar dezake curriculumean.
Berrogeialditik aterata ordea, Dos Passosen nobelaren gutiziarekin jarraitzen du. Eta Durangon Azoka egunak izaki, berehala duzu Landakon, itsu-itsuan Ibaizabalen standerantz. Ia gripea baino okerrago hartu du, ikusi duelarik Literatura Unibertsala bildumaren aztarrenik ez dagoela. Gaixotzen ari dea? Ez, oraindik ez; badu kartutxo bat, kontaktu bat Elkarreko standean eta orain beraiek arduratzen direnez, Alberdaniarekin batera, Literatura Unibertsala sailaz…
Baina: “Ez, guk ez daukagu. Saileko hasierakoak, oker ez banago, bota egin zituzten”. Biltegietan lekua egin beharra, eta liburu komertzialenak ere ez ziren… Dos Passos, onenera, birziklatuta. Lagunak, halere: “Baina Armiarma.com-en osorik daukazu”. Eta Leontziok argia ikusi du: e-book irakurgailu bat behar du. Amari eskatuko dio, Olentzerotarako. Ziur hurrengo gripe mutazioa iristerako, amortizatuta izango duela aparailuaren prezioa. Amari behintzat buruhausteak kenduko dizkio!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA