Hamarkada berria hasi eta asko itxaron gabe etorri da aurreneko biktima musikal hurbilekoa: Xabi Doncelen (baxua Nun taldean, ahotsa Gazteako B Aldea saioan) mezu bat atzo, esanez Nunek disko berria atera behar duela eta gero… agur. Taldea uztea erabaki dute. Hala jarri dute webean ere: “Disko berria eta agur”.
Tristatzea beste erremediorik ez dut. Getxotarren musika nire ’00ko hamarkadako soinu bandaren parte garrantzitsua izan da: kontzertuak etortzen zaizkit, Leioako gaztetxeko hura adibidez, artean maketa aurkezten, bukaerako crescendo (nolabait esatearren) harrigarri harekin; edo Bilboko Kafe Antzokian, Eremulauak agurtzeko Standstillekin batera jo zutena. Eta zer esan Collage diskoaz? Eremulauak Ediziogunea martxan jartzeko bilerak, diskoaren aurkezpena, denarekin ezin jarraitua eta… ez, ez nago negarrez, zerbait sartu zait begian…
Baina anekdota pertsonalez gain, egin duten musikaz landa, boskote honi aitortu behar zaio bestelako meriturik: aurrenekoetakoak izan ziren Euskal Herrian diskoa copyright-ik gabe ateratzen (MusikHerriak eta Ortotsek ere orduantxe, 2005-2006 inguruan kaleratu zituzten lehen erreferentziak). Hasieratik ez zuten zalantzarik izan: diskoa edonork kopiatzeko moduan; eredu berriak asmatzeko ordua da (lizentzia motei buruzko eztabaidatxoak tarteko…).
Orain azken kontzertua eskaintzera doaz, ez dute zehaztu noiz (ea joaterik badugun). Agur Nun; edo, beste bat arte: kantak hor geratuko dira eta, batek daki hamar urteren buruan kultuzko talde bihurtu eta herriak zuen itzulera eskatuko ez ote duen. Bitartean, zorte on bakoitzari!
8 Iruzkin
Pena, bozgorailuen atzetik hainbestetan entzun eta oraindik ikusteke daukadan taldeen artean dago.
“Gu gara hiltzaileak” esaten zuten eta orain akabatu da taldea 🙁
AGUR ETA OHORE!
Gorka, copyright delakorik gabeko diskorik bada 90ko hamarkadan. Bestalde, oso ondo bi diskoetxe aipatzearren.
Guk ere bereziki gogoratzen dugu sasoi hori.
Nun taldea eta disko berria. Orduan.
Eremulauak kultur agerkari digital potentea, bertako kolaboratzaileak… orain NOR ere badirenak…
Elkarrizketa berrentzuteko gogoa piztu zaigu, eskerrak podcast bilatzailea ondo dabilen.
http://www.irratia.com/blog/91
Disko berria entzun eta blog batzuk irakurriko ditugu orain. Garaian garaikoa…. ezta?
Bueno, ez da hain dramatikoa izan, benetan… Asko gustatu zait horrelakoak irakurtzea, hori bai.
Aber datorren asterako diskoa eskegitzen dugun eta ea zuek guk bezain ondo pasatzen duzuen.
Keep on touch…
@thebiglieoflove Dramatiko, dramatiko… Ba zer nahi duzu esatea, niri pena eman dit! Diskoa entzuteko zain…
@iPtx Jo, ze perla elkarrizketa hori!
@gorka bai bai: GURETZAT ez da hain dramatikoa izan, hori esan nahi nuen. Taldea beragatik baino, gure arteko erlazioagatik ematen dit pena niri.
Jendeari txorrada bat irudituko zaio baino oso zaila da azaltzen nolako erlazioa daukazun beste lau pertsona horiekin, horrenbeste gauza bizi (sortu) eta gero…
Bueno, badaukagu beste zeozer martxan…
Nik ez dut erantzunik merezi hala Gorka urdekume hori!
@Inaxio Jode ze sentsible zabiltzan: noski erantzuna merezi duzula… galdera formatuan. Erran nahi baita, ze disko atera ziren 90eko hamarkadan Euskal Herrian copyrightik gabe edo copyleftarekin edo anticopyrightarekin edo…? Aitortzen dut 2000tik aurrerako fenomenotzat neukala, baina oker baldin banabil, mesedez, esaidazu zein euskal talde izan zen aitzindari eta nik, trukean, trago bat aterako dizut Ttan Ttakun irratiko festan, ados?