Elurrari buruzko notiziak eta kultur kazetaritza

Gorka Bereziartua
0

Elurraz ari da telebista goizeko tabernan, testu hau idazten ari naizelarik; elurraz ari dira hau idazten ari naizen tabernan gosaltzen ari diren langileak, beharraren aurretik kafesne ketan sudurra berotuz; elurraz idatziko dut ba nik ere, eta, ohiko moduan, azken momentura iritsi arte ez dizuet esango ez naizela elurraz ari, ezpada beste zerbaiti buruz. Baina azken errebuelta hori hartu aurretik, elurraz ari nahi dut.

Errepide elurtua
Errepide elurtua

Albistegietako elurraz: negua zuritzen den bakoitzean, klima da albiste izar, gerra bat, tiroketa bat, istripu handi bat, iraultza bat bezala. Planetak, gerrilla bihurturik, eguneroko produktibitatea geratzea lortzen du, eta oinarrizko beharretara itzultzen gara, berogailura, janarira.
Ez da luzerako izaten; egun batzuk asko jota. Gero dena bukatzen da, normaltasunera itzultzen gara, eta klima kontuak albistegiaren bukaeran esaten dizkigute. Baina klimak ñabardura askorako ematen du, aldatzen ari da, berotzen, eta arazoak izango ditugu horrekin, informatiboak arretarik eskaini nahi ez badio ere.
Eta (hau da iragarritako errebuelta) irudipena dut kulturaz aritzen garen kazetariok ere antzera jarduten dugula: urtero Durangoko Azoka etortzen da, betiko bospasei musikari eta idazle kanonikoei arreta eskaintzen diegu, eta gero, asko jota udaberrirako, dena bukatzen da, urtu egiten dira produktu horiek, eta geratzen dena beste zerbait da, elurra baino sotilagoa; gure kulturaren klima benetan aldatzen ari dela erakusten duena: botere-harremanak, izar direnak eta ez direnak desberdintzeko kriterio eztabaidagarriak.
Horrelakoren bat esanda, sarritan erantzuten dizute kazetaritza momentua harrapatzen saiatzea dela, gaitza dela barrurago sartzea egunero orri pare bat, edo bi orduko saio bat bete behar duzunean. Eta pentsatzen duzu baietz, baina kazetaritza momentua harrapatzeaz gain, mundua ulergarriago egitearen artea ere badela, kultura barne, eta horrek derrigortu beharko gintuzkeela automatismo batzuk desaktibatzera.
Gainontzean, izango dugu urtean behin elurra, eta titularren azpitik benetako katastrofe klimatikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA