'To Shoot an Elephant': nola izan John Reed XXI. mendean

Gorka Bereziartua
2

To Shoot an Elephant
To Shoot an Elephant

Hernaniko Biteri kultur etxeko aretoa bete samar atzo To Shoot an Elephant ikusteko; eta, esan behar nuen gustura atera nintzela, baina ez da oso egokia, zaila baita horrelakoak ikusita inondik “gustura” irtetea. Ukituta bai. Eta pentsatuz, albistegiek eman ez zizkiguten irudiak bistaratuta, behingoagatik puskatu zela Palestinaren gaineko setio mediatikoa.
Ikuspuntu baikorregia, badakit; baina noizbait izan beharko dugu baikor, ezta? Eta oraingoan arrazoiren bat badagoela esango nuke. Ekimen interesgarria iruditu zait filma mundu osoan egun berean proiektatzea. Berriz erabiltzeko moduko formula: Internet bidez banatu, kopia libre eta proiekzioa global, dena batera.
Hori ote XXI. mendeko kazetaritza alternatiboaren eredua? Mende honetako John Reed-ak ote dira Alberto Arce eta Mohammad Rujailah? Antzekotasun batzuk badira behintzat. Reedek 1917ko Errusiako Iraultzaren kronikak bildu zituen Ten Days That Shook the World liburuan. Atarikoan esaten zuen erreportari ernearen begiz lan egin nahi zuela, egia kontatuz; baina bera ez zela neutrala gatazkan. Antzeko doinua dute Arcek filmari hitzaurre jarri dizkien hitzek (irakurri azken parrafoa).
Kidetasun gehiago: Reedek The Masses aldizkarirako idatzi zuen; hura itxi zutenean, ordezkatzeko sortu zuten The Liberator-entzat: biak ere, komunikazio proiektu txiki eta biziak. Horrelakoa da Iruñeko Eguzki Bideoak kolektiboa, dokumentalaren banatzailea.
Reed bezala, disonantzia dira Arce eta Rujailah egungo kazetaritzaren panoraman. Rara avis bat. Gertakariak berta bertatik kontatu dituzte, tiro eta bonbapean bizi direnekin orpoz-orpo, bizia arriskuan. Baina beharrezko irudiak bildu dituzte, krimenaren frogak, historia kontatzeko boterearen bakarrizketatik kanpo.

To Shoot an Elephanti buruz ARGIAn, Iñigo Astizek izkiriaturik.

Alberto Arceri elkarrizketa ARGIAn, Miel A. Elustondoren eskutik.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA