Eztabaida klasikoa, ea idazleak politikoki engaiatu behar duen edo ez. Posizio argirik eduki gabe, gaiaz pentsatzen aritu naiz Le Nouvel Observateur-en Amos Oz eta Jean Danielen arteko eztabaida leitu ondoren.
Ezaguna nuen Oz-en jarrera Israel eta Palestinaren arteko gatazkan, eta ez nengoen ados azken urteetan hartu dituen zenbait jarrerekin (birekin: 2006ko Libanoren inbasioa babestea, eta gero “kritiko” azaltzea; eta 2008ko abenduko Gazako bonbardaketari hasieran oniritzia ematea, hirugarren egunean su-eten eske hasteko); beraz, ezin esan masokismo puntu bat ez zegoenik eztabaida irakurtzeko gogoaren atzean.
Ozek itxurazko ekidistantzia gaizki disimulatuta, bota ditu perla batzuk (“Alemaniak egin ditu Israelek baino askoz gauza okerragoak eta inork ez du auzitan jartzen haren nazio legitimitatea”), baina gainontzean, betikoa: diskurtso tolerante eta aldebikoa, erruaren parte handiena “fanatiko”-ei egozten diena.
Sarrerako gaira itzuliz, badirudi idazleak baietz erantzuten duela, engaiatu behar dela. Eta posizioa hartzen duela gatazkan. Baina… Eztabaida bigarren aldiz irakurri ostean, zalantzak ditut.
Jerusalemdarrak behin eta berriz errepikatzen du bi aldeen arteko ulermena dela arazoa konpontzeko bidea (bi estatu sortzea, “lubaki psikologikoak” botatzea). Eta pragmatismoak hori eskatuko du; hori izango da hamar kudeatzaile/aditutatik bederatzik eskainiko duten formula baina… Horri… esaten ahal diogu jarrera “politiko”?
Ezetz erantzungo luke Jaques Rancièrek, bere ustez politika ez baita interes desberdinak antolatzeko eztabaida hutsa. Benetako jarrera politikoa hasten da, Rancièren esanetan, “parterik gabe” daudenek gizarte osoaren ordezkaritza aldarrikatzen dutenean, eta ondorioz, hegemonien arteko borrokaren ordez, zerbait berria sortzen denean. Grezian, demosak aberastasunak edo noblezia eskatu ordez, gainontzekoekin berdin izatea lortzen duenean; edo Frantziako Iraultzan, Hirugarren Estatuak esaten duenean bera dela nazioa.
Ideia hori gure eginez gero, orbela bezala erortzen da Ozen konpromisoa ez-politikaren urmaelera. Baita beste askorena ere. Eta sarrerakoa alde batera utzi gabe, beste galdera bat sortzen da: zenbat idazlek hartzen dute benetako konpromiso politikoa?