Merinoren probokazioa, garaiz desaktibatu dute

Gorka Bereziartua
3

Merinoren obretako bat
Merinoren lan bat

Aurreneko momentuan grazia egin dit Eugenio Merinoren obren kontuak. Israelek, Espainian duen enbaxadaren bidez, artista espainiarraren kontra egin du ARCOn aurkeztuko dituen bi lanengatik. Erlijio judua iraintzen ei dute, eta israeldarrak orokorrean. Zerk eta Menora batean bukatzen den fusil batek (hemen ondoko irudian); eta hiru erlijio nagusietako kideak islatzen dituen eskultura batek, denen gainean, zapaltzaile, errabino bat azaltzen delako.

Merino harrituta: iaz ekarri zuen eskultura Damien Hirst zen, bere buruari tiro egiten; eta ez zuen zalapartarik sortu. Egina du Osama bin Laden bat ere, Tony Manero bezala jantzita. Eta Al Kaedak ez du  ezer argitzeko eskatu.
Baina Israelek bai. Eta grazia egin didala nioen, ez zaidalako iruditzen munduko gauzarik tristeena sionistak haserretzea. Baina albistean beheraxeago eginda, zera irakurri dut: 45.000 euroren aldera saldu dela hiru erlijiosoen eskultura (eta ez du asko inporta, baina detailea da Belgikako judutar batek erosi duela).
Horrek zer esan nahi duen? Agian urrunegi joatea izango da, baina obraren ustezko indar probokatzailea, politikoa nahi bada, berehala desaktibatu dela. Ikonoklasta izan zitekeena, ez da gehiago izango, hain zuzen “polemiko” etiketa jarri eta dagokion prezioan saldu dutelako.
Tira, dena dela, artelan batek Israelgo enbaxada mobilizatzen badu, bada esperantzarako tarterik mundu honetan.
Bestalde, eta agian nire inpresioa izango da baina… ez al dabiltza agintariak eta izan nahi luketenak ipurterre samar artistek gai politikoren bat ukitzen duten bakoitzean? Bernad, Begoña… Eredua esportatzen ari gara, akaso? Honetan ere Euzkadin abangoardia!

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA