Gaur, albisteen orduan, Hegoaldeko telebista gehienek irudi bera ekarriko dute pantailara: Tejero teniente koronela Espainiako kongresuan oihuka; tiroak; Manuel Gutiérrez Mellado presidenteordea militarrei aurre egiten; eta Adolfo Suárez, presidentea, bere eserlekuan geldi. Segundo gutxi batzuk jarriko dituzte ziurrenik, eta gero aipatuko dute 29 urte joan direla, 1981eko otsailaren 23an militar batzuk Espainian estatu-kolpea jotzen saiatu zirenetik. Agian Valentziako irudi batzuk ere jarriko dizkizute, kaleetan tankeak, Milans del Bosch delako bat aipatu… Baina gero Juan Carlos I.aren irudi heroikoa, ia mitikoa –zentzu helenikoan, ez orain jendeak erabiltzen duen bezala– aterako dute, eta demokrazia irabazle. The End.
Klixea da honezkero Espainiako eta Euskal Erdi honetako hedabideetan. Eta klixe horretatik abiatu da Javier Cercas Anatomía de un instante izkiriatzeko. Tejerazoaren historiak ematen baitu nobela baterako; are gehiago, hainbeste urteren ondoren, errealitatea eta fikzioa pixkanaka nahasten ari direla ikusita. Urtero telebistak jokaldiaren errepikapena eskaintzen digu, baina inor gutxi ausartuko da kontrako angelua eskaintzera. Inork gutxik emango du estatu-kolpearen testuingurua. Inork ez dizkizu deskribatuko, militarrak kongresuan sartu aurreko hilabeteetan, Madrilgo botere-zirkuluetan egosi ziren konspirazioak, alderdi guztiak eta Erregea sukaldari.
Ba, lokatz horietan sartu da Cercas liburu honetan. Nobelaren teknikak erabilita osatutako saiakera, ala saiakera baten gisa idatzitako nobela, ez dio asko axola. Idazle espainiarrak lortzen du liburu osoan tentsio narratiboa mantentzea, flash-back luzeak erabiltzen ditu garaiko politikari bakoitzaren bizitzan bilatzeko; eta etengabe itzultzen da une batera, otsailaren 23ko kolpera, pertsonaia bakoitzaren jarreren zergatia ulertzeko asmoz. Hiru pertsona ditu detaile handiz erretratatzen: Adolfo Suárez, Santiago Carrillo eta Manuel Gutiérrez Mellado. Hirurak ere, Hans Magnus Enzensbergerren hitzak erabiliz, “erretretako heroiak” dira Cercasentzat, beren burua –idealak, proiektu pertsonal eta kolektiboak– zulatuz guztien interesen alde egiten duten pertsonaia grisak.
Eta, gustura irakurri dudan arren, hor egin dit karranka liburuak: kontuak kontu, eta azalpenak azalpen, hirurak, bakoitza bere modura, oportunista hutsak iruditu izan baitzaizkit beti. Cercasek kontsentsuzko tesia aukeratu du, material berarekin gehiago bustitzeko aukera izan arren. Lastima.
1 Iruzkin
[…] 23F […]