Raimund Abraham: arkitektura Termopiletako bataila da

Gorka Bereziartua
2

Austriako Foro Kulturala NYn (Wikipedia)
Austriako Foro Kulturala NYn (Wikipedia)

Estuago ibiltzera derrigortuko gaitu ekonomiak, lehengo zabaltasunak utzita. Ez dakit arkitekturan antzeko zerbait gertatuko den, edo politikariek eraikuntza-sektorea gizentzen jarraituko duten diru publikoz eta lizunkeria pubikoz. Kontuak kontu, arkitektura estuagoaren beharrean garen honetan, notizia txarra dugu Raimund Abrahamek martxoaren 4an izan zuen auto istripua, eta horren ondorioz Heriok eman dion besarkada.

Austrian 1933an jaioa, New York eta Mexiko DF artean bizi zen azken urteetan. Aspaldi egin zion uko austriar nazionalitateari; Jörg Haider ultraeskuindarra gobernuan sartu zelako larritu zen, kezkatu, ito. Eta pasaporteari azala aldatu zion, protesta modura (bizitzaren paradoxak, 2008an auto-istripu batek eraman zuen Haider ere).
24 solairuko etxe-orratz bat da Abrahamen lanik ezagunena (goiko argazkian), Austriako Foro Kulturalaren egoitza New Yorken. 83 metro luze eta 7,4 metro “zabal”. Bi bloke arrunten artean sortutako mirakulu argala. The Washington Post egunkariak “estutasunaren garaipena” deskribatu zuen.
Zerbait sortu behar zuenean, erreminta espartanoak gustuko. Irudimena zuen kapital handiena. Esaten zien arkitekto gazteei, ez izateko enpresen, bulegoen, arkitekto famatuagoen esklabo; nahikoa zutela lapitzarekin, paperarekin eta edifizioak egiteko grinarekin. Abrahamek XX. mendeko arkitekturaren Leonidas izan nahi zuen. Lortu du. Haren Termopiletako bataila 52. kalean aurkituko duzu, munduari esanez gutxiagorekin gehiago egin daitekeela.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA