Ekarri du soka Kaki Arkarazok Berrian Gorka Erostarberi esandakoak. Musikari gazteen sormenarentzat Internet kaltegarria dela adierazi du Arkarazok, eta… Tira, batzuei ez die grazia handirik egin. Gurean “karka” deitu dio irakurle batek; Sustatun ere ari dira kontu berarekin bueltaka. Eztabaidaren edukian sartzeko ez daukat interesik; markoak ordea, badu haragia, Umberto Ecoren Apocalittici e integrati liburuko mamia gurera ekartzen duelako.
Lehen irakurrian, Arkarazo apokaliptikoetatik hurbilago legoke, besteak beste honako esaldiarengatik:
Kontsumorako ere eromena da Internet. Dena daukazu, baina non jarri galbahea? Horregatik, nik biniloak bakarrik entzuten ditut, duela 25 urtekoak. Eta askatasun osoa daukat beste ezer ez entzuteko.
Ecoren apokaliptikoek ez dute masa-komunikazioaren eta teknologia berrien dinamika ulertzen (edo ez dute ulertu nahi). 1960ko hamarkadan gaude. Arrakala zabaldu da aristokrazia kulturalaren eta masa-kultura egiten dutenen artean. Aurrenekoek, bizkarra ematen diote masa-kulturak dakarren nolabaiteko arrunkeriari. Bigarrenentzat, hitz gutxitan esateko, dena da on.
Baina 2010ean, apokaliptikoa ote da Arkarazo? Ez nuke esango. Are gutxiago, Ecok berak El Paísen berriki esandakoak irakurri ondoren.
Baina gaur ezberdina da, intelektual aristokratak ere ederki ulertzen baititu problema hauek, Internet erabiltzen du… Kritika egonda ere, ez da kanpotik egiten, barrutik baizik; masa-hedabideak, telebista, ordenagailua erabiltzen dituzte intelektualek, eta era berean kritikatu egin dezakete. Beraz, oso zaila egingo litzaidake gaur esatea: “Zu apokaliptikoa zara, eta zu integratua”.
Erran nahi baita: Arkarazok Interneten zenbait alde negatibo azpimarratzen ditu, baina esaten duena Internet erabili ondoren dio. Ez da apokaliptiko klasiko bat. Barrutik egindako kritika da, ados egon ala ez (esan dut, ez naiz edukietan sartuko, baina ni ez nator bat).
Kontua da, apokaliptiko kanonikorik apenas geratzen den garaiotan, ez dela gauza bera gertatzen, nire ustez behintzat, integratuekin. Eta hori ere ez da izango, ezta? Ala Internetek onurak besterik ez dakartza?
1 Iruzkin
Munduaren parte bat bi blokeetan banatua zegoen garaiaz ba omen dago hausnarketa bat bloke Sobietarrean bizitza lauagoa, monotonoagoa eta publizitate gabekoa izateagatik biztanleen sormena handiagoa zela dioena.
Ea ondo azaltzen dudan. Garai hartako gizarte sobietarrean kontsumorako marketingaren indarra mendebaldean baino ahulagoa zenez jendeak egun baten amaieran hamaika marka eta koloretako zapatilen informazioa ez zituen buruan gorde behar. Buruan libre geratzen zitzaien espazio hori beraz gauza kreatiboak sortzeko erabili zezaketen. Nire ustez, Kakiren ideia, (azken batean bota duen ideia sinple bat baita) aipatu dudan bide horretatik doa.
Gaur egun edozer kontsumitzeaz gain kantitate handitan egiten dugu. Musika ere ez da hatzean geratzen. Gizakien sormen mugara iritsi ote gara?