Kazetaria ez dea idazlea?

Gorka Bereziartua
0

Quim Monzó (arg.: Taperware)
Quim Monzó (arg.: Taperware)

Galdera zaharra da, eta blog honen egileak ez dauka hain haragi gizenari hagina sartzeko gaitasunik. Baina joan den astean Quim Monzó idazle kataluniarraren zutabe bat leitu zuen La Vanguardia egunkari zentrista-kulunkarian, eta hemen itzultzea erabaki du, iritzi sano interesgarria delakoan. Jarraian duzue:

Kazetaritza ikastea pentsatzen ari den inor ezagutuko banu, segituan pasako nioke joan den igandeko La Vanguardiako 52. orrialdea, burutik buztanera leitu dezan. Francesc Peironek Gay Taleseri egindako elkarrizketa da, Retratos y encuentros liburua (Alfaguara) espainolez argitaratu izanaren karietara. Talesek barruak hustu ditu, desmuntatzeko hamarkadaz-hamarkada betikotzen ari diren zenbait topiko ergel. Freskoa da gure egunkarietan horrelako hitzak irakurtzea, nondik gatozen jakinda, nora goazen zalantza egiten duen norbaiten ahotik.
Talesek azaldu du Kazetaritza Berriaren asmakizun hark gutxi zuela berritik, eta kazetari zaharrek eragin zutela fenomenoan (eta, pentsatzen dut, baita Truman Capote, Tom Wolfe eta gainontzekoengan): “Gertakariak hitzez hitz hartzen zituzten horiek, baita fikzio idazleak ere, narratzeko estiloarengatik. Baina izan ziren idazleak, idazle onak ez-fikzioan, ni baino lehen; eta idazten zituzten gaur, datorren urtean edo hurrengoan irakur daitezkeen historiak. Jende askok uste du fikzio idazleak bakarrik jo daitezkeela idazletzat. Zergatik ezin da kazetaria idazle kontsideratu?”.
Hitz horiek berrirakurri ditut, eta primeran datozkit, nazkatuta bainago azken esaldi hori behin eta berriz errepikatzeaz, batez ere kazetariei; eurak dira aurrenak pentsatzen beren lanak apenas balio duela ezer. Ekiten badiote lanari espiritu galtzailez, pentsatzen badute idazten dutenak apenas irauten duela argitalpen eguna, eta biharamunean papera dela kontainerrean, nondik aterako dute sua, gatza eta piperra eskura dituzten baliabide literario guztiekin idazteko —asko baitira— eta egiten duten horrekin gozatzeko? Talese kritiko azaltzen da prentsarekin, enpresek ere ez baitituzte beren buruak behar bezala baloratzen; eta tristatu egiten da gazte zenean kolaboratu zuen egunkariak gaur egun daukan jarrerarekin: “The New York Timesen pentsatzen duzunean, Interneten hutsaren truke salgai, badirudi diotela behar bezain onak ez direla”. Peironi emandako azkenaurreko erantzunean azaldu du hori, baina horren aurretik adibide bat eta guzti eman du, baldosa bakarraren gainean dantzatu behar duzunean nola moldatu ikasteko: “Behin sute bati buruz idazteko eskatu zidaten. Iristean, ez zegoen ezer. Oso txikia izan zen, suhiltzaileek azkar itzali zuten. Bi auzo, bakoitza kalearen alde batean, leihoak irekita zeuden solasean. Beste kazetariak erredakzioetara itzuli ziren eta kontatzeko ezer ez zegoela esan zuten. Nik elkarrizketa hari buruzko artikulua idatzi nuen”. Desmarkatzea da kontua, normalean begiratzen ez denari begiratzea; osagarria dirudien arren, funtsezkoa azaltzen duenari erreparatzea. Beti errepikatzen dute, atzamarrak ilargia seinalatzean, ergelak atzamarrari begiratzen diola, baina, eszena horri buruzko kronika idazteko momentuan, agian nahiago nuke atzamar horretan arreta jarri, ilargia oso ikusia baitaukat honezkero.

Gay Taleseren liburua, ingelesez, The Gay Talese reader: portraits and encounters da. Ez dakit gure beste etxeko erdaran publikatu denentz. A, eta Monzóren La Vanguardiako zutabea, espainolez, osorik irakur daiteke webgunean; aipatzen duen elkarrizketa, aldiz, premium erabiltzaileek bakarrik irakurri ahalko dute ;-(

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA