Picasso Francorekin negoziatzen: 'El Mundo'-ren sintaxi tranpatia

Gorka Bereziartua
0

Pablo Picasso
Pablo Picasso

Tragoa garraztu zidan El Mundok larunbatean. Egunkari borikoak¿Y si Picasso hubiese pactado con Franco?” titularrarekin zabaldu zuen kultura saila (ez dut paperekoa sarean aurkitzen, baina honen antzekoa zen). Artikuluaren hesteetan berriz, Charlotte Higgins kazetariak zioen, oso modu kategorikoan, Picassok Francoren ordezkari batzuekin negoziatu zuela 1956an. Tranpa sotila egin zuen kazetariak; jarraian azalduko dugu nola.
Gertakariak ordena honetan joan omen ziren: Jose Maria Moreno Galvan arte kritikaria Kostalde Urdinera bidali zuten urte hartan, Picassorekin hizketan has zedin, Madrilen berari buruzko atzera-begirako erakusketa antolatzeko asmoz. Eta Moreno Galvanek Parisko espainiar enbaxadari bileraren berri eman zion. Negoziazioek aurrera jarraitu izan balute, Jose Luis Messiak gidatuko zituen, enbaxadako kultura agregatuak; Francoren atzerriko ordezkari batek, alegia.
Elkarrizketek ez zuten asko iraun, eta dago material askorik egunkari bateko orri osoa betetzeko,  “demagunka” ez bada —eta El Mundok hautu hori egin zuen—.
Tranpa, berriz, “Picassok Francorekin negoziatu zuen” esatean datza, “Francok Picassorekin negoziatu zuen” esan beharrean. Sintaxi kontua. Edo hori baino gehiago: “negoziatu” hitza ez baita “jolastu” bezalakoa. Lagunek jolasten dute, etsaiek negoziatu. Eta negoziazioa eskatzen duenak ez du tratua onartzen duenaren posizio bera. Artikulua irakurrita, irudi du Gernikaren egileak zeukala interesa Madrilgo erakusketa hori antolatzeko. Kontrakoa zen: erregimenak zuen artista xarmatzeko gogoa, agian nazioartean aurpegia apur bat zuritze aldera; edo, Picassoren biografo John Richardsonen ustetan, ezkertiarrek margolaria traidoretzat jo zezaten.
The Guardianek ere publikatu du artikulua. Tristea da horrelako berrirakurketa desitxuratuak hainbeste zabaltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA