Atxagak dioenez

Gorka Bereziartua
3

Bernardo Atxaga (Arg.: Zaldiero, Armiarma.com-etik hartua)

Atxagak dioenez Miranderen Haur besoetakoa obra “onartezina” da. Badakit, ez da kontu berria, baina ekainekoak irailean birziklatzeko beharra sentitu dut Ander Iturriotzek Oier Arantzabali Noticias de Gipuzkoa egunkarian esan dizkionak leituta. Hurbilago bainago Iturriotzen iritzitik, eta uste dut adibide batzuk emanda esplika dezakedala zergatik.
Atxagak dioenez “oso ideia arriskutsuak” dira Haur besoetakoa nobelakoak. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutuaz akordatu naiz. Leturiak Miren maite du, Miren bereganatzen du, Mirenez horditzen, asetzen, akitzen da. Leturiak Miren gorrotatzen du. Miren jipoitzen du.
Atxagak dioenez Haur besoetakoaren tesi nagusia honakoa da: “Modu oso agresibo batean azalduta, gizarte hau arbuiagarria da”. Arestiz akordatu naiz. Nola arbuiatzen zuen gizonaren ahoa tapatzea, Anton eta Gilen lanaren gorrira kondenatzea; eta nola hornitu zituen “mundu honetako putasemerik semeenak” maldizioarekin bihar etziko esplotatzaileak.
Atxagak dioenez Haur besoetakoatik ateratako “hari guztiak krimen bihurtu dira”. Saizarbitoriaren Ehun metro nobelaz akordatu naiz. ETAko militante bat du protagonista. Pistola aldean darama, polizia atzetik, baina haren giza-dimentsioa ekartzen digute narrazioaren flash-backek.
Atxagak dioenez “ez dugu barkatu behar” Haur besoetakoaren egilea. Nik diot, Miranderi liburu horretakoak barkatzen ez badizkiogu (eta, bide batez, ze usain giristinoa duen “barkatu behar” horrek), hobe dugula gure biblioteka zaharreko klasiko gehiago ere sutara botatzea.
Jon Mirande

Erre dezagun Txillardegi (bat baino gehiago poztuko litzateke) Leturia sortzeagatik, tipo arriskutsua, emazte-jipoile demonioa.
Erre dezagun Aresti gorri madarikatu hori, ez baitzituen maiteko makina-erremintaren sektoreko patroiak, ez legebiltzarkideak, ez botu-emaile asko. Kontrara, gorrotatu egingo lituzke. Gorrotatuko luke gizarte hau.
Eta erre dezagun, poliziak garbitu baino lehen, Donostiako udaletxe zaharreko plaza gurutzatu nahi duen ekintzailea; eta erre dezagun haren zain dagoen laguna; eta biekin batera Saizarbitoria ere bai, azken finean, beti bukatzen du terroristaren bat sartzen nobeletan, barkamenik ez duen krimena, bizi ditugun garaiotan.
Baina, behin hasita, erre dezagun Atxaga bera ere, harekin desagertuko baitira Gizona bere bakardadeaneko Carlos, hiltzaileen konplize hori; eta erre dezagun Soinujolaaren semea oso-osorik, azken finean ergelen batek ez al zuen esan liburu horrek funtzionatzen zuela

…como documento acrítico de la inopia y de la bobería —de la atrofia moral, en definitiva— que no han dejado de consentir y de amparar, hoy lo mismo que ayer, de forma más o menos melindrosa, el desarrollo del terrorismo vasco.

Aspaldiko barbakoa handiena antolatzen ahal dugu. Zergatik ez urrutirago joan? Borgesen haragia dastatu nahiko duenik izango da; Deustches requiemen aurkituko du nahiko motibo argentinarra zozizonatzeko. Zer iruditzen Céline Happy Meal batean zerbitzatua? Haragi gazteagoa nahiago? Bolañorekin konforme? La literatura nazi en America barkaezina baita.
Hortik jo dezakegu, bai. Baina ez. Aukeran nahiago Jean-François Kerveganek Heidegger-en eta Schmit-en testuen aurrean proposatu zuena egitea. Kerveganek dio, “intelektualki emankor” diren bitartean, lasai erabil ditzakegula bi pentsalari horien ideiak, berdin dio nazional-sozialismoaren alde egin bazuten. Eta iruditzen zait Miranderekin antzeko zerbait egin beharko litzatekeela. Besteen ideiak gureen kontra lehian jartzea baita pentsamendua lantzeko bidea; interesgarriagoa, nire ustez, Atxagaren diskurtsoak dakarren erru eta barkamenen jolas aspergarria baino.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA