Amazoniak ez diezazula atariko lizardia ezkutatu

Gorka Bereziartua
0

Internetez eskatutako liburu bat

Internetez eskatu duela astebete, eta gaur iritsi da liburua etxe ondoko posta-bulegora. Eta? Zer du berritik kontu honek blogera ekartzeko, sareko liburu saltzaileen gremioa dagoeneko prostitutena bezain zaharra bada? Ba, liburua ez datorrela ohiko supermerkatutik (deitu Amazon, Casa del Libro, Elkar), Lekti Ecriture gunetik baizik.
Lankide batek ezagutarazi zidan eta inportatzeko modukoa da. Liburu denda independenteak elkartu dira atari frantses horretan, Interneteko edozein liburu saltzailek egiten duena egiteko: horixe bera, liburuak saldu. Baina diferente. Sartu eta berehala aurkituko duzun aukeraketa ez baita ohiko best-seller multzoa; editorial handi eta txikiak berdin tratatzen dituzte; ez dute (eta niri behintzat garrantzitsua iruditzen zait) ematen diezun informazioa erabiltzen ondoren besteren batek zure e-posta publizitatez gizentzeko, edo gauza txarragoetarako, batek daki; eta gainera, atari horretan erosiz, Contre Feux aldizkari literarioari laguntzen diozu, baita martxan dauzkaten beste hainbat proiekturi ere.
Eta inportatzeko modukoa dela diot, denok e-bookarekin bueltaka gabiltzan arren, oraindik papera delako liburuaren sektorean nagusi; eta betiko liburuaren negozioa, Interneten, oso gutxirentzat da benetan negozio. Bien bitartean, herriko liburu denda, monopolioaren gaitzak jota, more kolorezko saltoki mutante bihurtu da, beste alternatibarik ez zegoelako. Ba, beharbada, hau izan daiteke bidea. Munduko liburu saltzaile txikiak, elkar zaitezte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA