Literaturzaleen distopia

Gorka Bereziartua
4

Liburuak erretzen dituzte 'Farenheit 451'-ko protagonistek

Liburuei buruzko legeren bat egiten hasiko balira, debekatzeko izango litzateke, zalantza gutxi. Eta liburuak erretzea du ofizio, preseski, Guy Montag-ek. Irakurtzea delitua baita Fahrenheit 451 filmean. Razziak egiten dituzte su-hiltzaileek zibilen etxeetan: bazter oro miatzen dute, bilatu eta suntsitu. Distopia honetan ordea, distopia gehienetan bezala, zalantza sortuko zaio protagonistari, Clarisse izeneko bizilagunarekin berba egin ondoren. Zer ote dute liburuek, hainbeste jendek legez kanpo  irakurtzeko?
Zalantzatik transgresiora: liburuak etxera eramaten hasiko da, eta gauez irakurtzen. Emaztearekin duen harreman monotono eta hitsak badu zerikusirik horretan: egun osoa pasatzen du egongelako pantailaren aurrean, pilulaz gonburu egina. Goitik behera aldatuko da Montagen bizimodua irakurtzen hastearekin batera. Eta arazotan sartuko da: emazteak salatuta, sutetxeko lankideak etxean izango ditu berehala.
1966an François Truffautek zuzendua, Fahrenheit 451tik arreta gehien deitzen duena pertsonaien jarrera hieratikoa da. Horri esker, kutsu absurdoa hartzen dute eszena askok —berbarako, Montag aurreneko aldiz irakurtzen hasten den unea, atzamarrarekin letrak lerroz lerro azpimarratuz—. Filmaren argazkiak, musikak, 60ko hamarkadako estetikak… begiei esperientzia berezia eskaintzen diete. Baina ikusle honekin behintzat, zerbaitek ez du funtzionatu: tentsio narratiboa bota dut faltan eta oinarrian elementu interesgarri asko dituen arren, kafeina gehiago eskertuko nuen.
“Baina, Bereziartua, zergatik ekarri diguk pelikula hau asteon?” galdetuko du baten batek, duela 40 urte baino gehiagokoa izanda, eta Truffaut bezalako norbaitekin sartzearen arriskua kontuan hartuta. Ba ekarri dut, Nagore Tolosak euskaratu berri duelako filmaren oinarri izan zen nobela, Ray Bradburyren Fahrenheit 451. Txalapartak eman du argitara eta, pelikula ikusi ondotik hura leitzeko gogoa sartu zait. Horrela igual esan ahalko dut, beste hainbat literaturzalek historian ezagun egin duten esaldi hura: “Nahiago dut liburua”.
[ARGIaren 2244. zenbakian argitaratzekoa]

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA