Ez dakit, eta ez zait gehiegi interesatzen jakitea. Banksyri buruz ari naiz. Ea Donostian izan zen ala ez. Ea hark egina den Parte Zaharrean azaldu den graffiti hori (alboko argazkian). Baina kuriosoa izan da joan den astean Donostian ikusi duguna.
Kuriosoa, alkimia moral izugarria egiten delako kaleko margolanekin. Printzipioz debekatuta daude; argi ibili beraz, udaltzainek, ertzainek edo pintadak adina kolore dituzten poliziek horietakoren bat egiten harrapatuz gero. Baina batzuetan, agintarientzat beruna bezain itsusia den praktika, urre bihurtzen da. Aski da graffitigileak nazioarteko sona izatea: ukiezin bihurtuko da haren obra. Hiriaren ondare. Ez baitut uste FCCko langileek Banksyrena ei den margoa ezabatuko dutenik.
Eta ez zait gaizki iruditzen, beste artelan batzuekin juxtu kontrakoa egingo ez balitz. Azken urtean izugarri ugaritu dira, terrorismoari zilegitasuna kentzea aitzaki, muralen kontrako erasoak. Bereziki mingarria Usurbilekoa: mezu politikoez gain, margotutako pertsonen aurpegiak ere ezabatu zituzten.
Irudia sinbolikoki oso bortitza da. Esan nahi du, ez bakarrik ideiak ezabatzea dutela xede; ideia horien atzean dauden pertsonak ere desagerrarazi nahi dituztela. Herritarrak ezin du kalea erabili artez adierazteko. Are: herritarrak ezin du bere burua irudikatu.
Egungo parametroetan, bi irtenbide: edo jornal ona pagatzen diogu denon artean Banksyri, berak Euskal Herria goitik behera margo dezan; edo ezabatu ahala margo berriak egin beharko ditugu. Hirugarren aukera ez baitut maite: horma aratzak eta iragarkiak bakarrik behar dituen hiria hilda dago. Ez du pertsonarik behar. Hain gutxi kultur hiriburu izendatzea.
2 Iruzkin
Orain, antza, ezin dira ere segun eta ze izen kalean erakutsi. Ikustezinak bakarrik ez, orain innombrableak ere badira pertsona batzuk. Izena duen guztia bada, agian izenik ez duena izango ez delakoan… Uste baino vascoagoak, akaso, batzuen usteak.
Eta bien bitartean (Zinemaldiko beste protagonista ezkutu bat aipatuz) Vallejo Najeraren izena daraman kaleak daude Madrilen eta Oviedon, eta Madrilen baita izen hori duen osasun zentro bat ere.