Hollywoodeko zerrenda beltza (gidoia polita dela baina, dirurik ez)

Gorka Bereziartua
0

Chris Sparling, 'Buried' filmaren gidoilaria

Istorioa bikaina da, idazkerak ez dauka tatxarik eta halere, inork ez du gidoi hori hartu eta pelikularik egiten. Azken Zinemaldian zeresan franko eman du Rodrigo Cortesen Buried filmak, baina problema handiak izan zituen Chris Sparling gidoilariak testua haragiztatzeko. Liburua eskuz esku ibili bai, baina inor ausartzen ez. Zuzendari gutxik  baitaukate adorea, lurpean dagoen hil-kutxa batetik kamera atera gabe, ordu eta erdiko istorioa kontatzeko.

Buried iazko Hollywoodeko gidoien zerrenda beltzean agertu zen. Urtero osatzen dute errolda tristea, inork ekoiztu nahi ez dituen gidoi onenekin. 2009koan 97 titulu zeuden. Eta ez da edonola egindako zerrenda: zinema-industriako hirurehun exekutibo baino gehiagoren iritzia biltzen dute, bakoitzak hamar istorio proposatzen ditu, eta zerrendan sartu ahal izateko, gutxienez bost aldiz aipatu behar dute gidoi bat.
Denborarekin, batzuek zortea izaten dute. Urtebete pasa da, eta Buried gaurtik aurrera ikusi ahalko duzu edozein aretotan. Baina zerrendari erreparatuta, zinezaleak hortzak izerditan: Mixtape izeneko gidoiaren laburpena leitzen duzu eta pelikula hori gustura ikusiko zenukeela pentsatu; baina pozten zara, irakurrita Facebook-en sortzaileei buruzko The Social Network grabatu dutela eta The Neighborhood Watch komedia konspiranoikoa ere ekoiztuko dutela.
Zerrenda osoa http://blcklst.com helbidean dago. Agian izango da hortik, krisi garaiotan ere, sos batzuk aurreztuta dituen inor, zeluloidezko abenturak edukitzeko gogoz. Nik behintzat, karteldegian ezer interesgarririk aurkitzen ez badut, badaukat errua nori bota. Istorio onak ez dira falta. Zerrenda beltza zuritu behar. Munduko ekoizleak, arriskatu zaitezte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA