Eduard Girbal Jaumeren miraria

Gorka Bereziartua
0

Eduard Girbal Jaume (argazkia: El Temps)

“Kultura katalanaren historia osoko gertakari literario garrantzitsuenetako batek bost urte bete berri ditu” idatzi du Lluís Bonada kritikariak El Temps aldizkarian abuztuan, Eduard Girbal Jaumeren L’estrella amb cua nobela hizpide. Esaldiak arreta deitzen du, baina ez luke aparteko interesik sortuko, detaile txiki batengatik ez balitz: nobela 1919koa dela.
Hauts eta sits artean pasa du ia mende bete Girbal Jaumek, harik eta 2005eko martxoan Edicions de 1984 etxeak, Enric Cassases poetaren gomendioz, L’estrella amb cua argitaratzea erabaki zuen arte. “Garcia Marquezek sinatzeko modukoa” Bonadaren iritziz. Eta soka ekarri duena. Urtebete beranduago, 2006ko otsaila, idazle beraren bigarren nobela publikatuko da, La tragèdia de cal Pere Llarg, Llibreter sariko finalista izango dena. Bonadaren aburuz XX. mendeko nobela katalan onenen aldarean lekua dute bi liburuok, nahiz eta eguneroko prentsak, aldizkariek, irratiek, telebistak eta unibertsitateko filologoen gremioak ez dien merezitako traturik eskaini.
Nor zen Girbal Jaume eta zergatik egon da tiraderan XXI. mendera arte? 1881ean Gironan jaioa, 9 urterekin galdu zuen ama eta 15ekin aita. Prentsan erruz egin zuen lan, espainolez eta katalanez. Gazte ekin zion literaturari ere: 1905erako hasia duzu Lore Jokoetan parte hartzen eta hiru urte beranduago kalean izango du lehen poema liburua.
Gazte denboretan idatzitako obrekin ez zuen zirkulu literarioen errespeturik irabazi. Sariak bai ordea, eta horregatik, ez zen gehiegi ahalegindu estilo sendoagoa xerkatzen. Pompeu Fabrak proposatutako hizkuntz-erreformari buruzko eztabaidak bete-betean harrapatuko du gainera, eta kontra egingo du, askatasun ortografikoaren aldeko diskurtsoekin; Girbal Jaumeren ustez, idazle bakoitzak nahierara idatziz gero, bukatu egingo da behingoz gizarte katalana banantzen duen afera eta inposiziorik gabe batuko da hizkuntza.
Jarrera horregatik beharbada; agian Lore Jokoetan parte hartu izanagatik; biengatik apika, Herrialde Katalanetan Girbal Jaumeren irudi okerra nagusitu zen Bonadaren ustez. “Sakristia kiratseko” poetatzat jo zuten, eta aurrerago idatzi zituen bi nobelak, hizkera herrikoia erabiliz onduak, ez ziren irakurle askorengana iritsi. XXI. mendera arte. Eta juzku oker baten erruz gainera, El Tempseko kritikariak dioenez L’estrella amb cua Josep Roca i Rocari eskainia baitago, kazetari satiriko eta antiklerikala bera.
Nolanahi Girbal Jaumek izan du justiziarik azkenean. Berandu oso, baina iritsi da irakurleengana. Galdera egiteko parada eman du, ordea: izango ote dira antzeko gehiago letra katalanetan? Eta euskal literaturan? Ez ote dago baztertutako orri-mendian mendea pasata irakurtzea mereziko duen urre-pipitarik?
Kurt Wolff-ek (Franz Kafkaren eta Franz Werfelen editorea) behin sartu zuen hanka. Ez zuen Oswald Spenglerren Mendebaldearen gainbehera publikatu nahi izan eta, beste editorerik aurkitu izan ez balu, batek daki noiz izango genuen liburuaren ezaguera. Denok humanoak baikara, baliteke euskal editoreren batek inoiz tankerako akatsik egin izana. Ez haiek bakarrik: hedabideen  galbahetik ere zenbat liburu on ez ote dira batere konturatu gabe irristatu. Urteek esango dute, eta urre urdinaren lurrina usaintzeko gai direnen abileziak.
[ARGIAren 2.248. zenbakian argitaratzekoa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA