Denis Robert kazetariaren izena Clearstream eskandaluarekin egin zen ezagun. 2001eko Révélation$ liburuan finantza eskandalu potoloa eman zuen argitara, diru-garbiketak eta zergak ez ordaintzeko trikimailuak tarteko. Eta, ezin bestela izan, arazotan sartu zen kazetaria. Epaileen aurrean eseri behar izan zuen difamazioagatik eta ia hamarkada osoa pasa du tribunalez tribunal.
Galdetuko duzue, ez arrazoi gutxirekin, zer ari naizen horrelako kontuak ekartzen. Zer duen ikusteko honek guztiak kulturarekin. Eta baten bati burutik pasako zitzaion posiblea dela musika munduko izarren bat edo aktore oso ezagunen bat eskandaluan inplikatuta egon daitekeela.
Ez ba.
Denis Roberten historia hona ekarri badut, komiki batengatik izan da. Robertek berak, Yan Lindingrek eta Laurent Astierrek Frantzian iaz publikatu zuten L’affaire des affaires albumarengatik, hain zuzen ere. Kazetariak bere historia kontatzen du. Beraz, autofikzioa dela esan genezake. Baina ikerketa-kazetaritza ere bada. Eta komikia. Ez esan koktel bitxia ez denik. Mariano Guindal, La Vanguardiako erredaktore-buru ohiak esan zuenez, liburua pauso handia da komiki bidezko kazetaritzaren esparruan. Haren hitzak erabiliz, “prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren eta Interneten arteko sintesia” da L’affaire des affaires.
Bi bolumenetan eman zen argitara jatorrizkoa, eta bietan lehena “etxeko” beste erdaran ere badago, Bilboko Astiberri editorialak publikatua, El negocio de los negocios tituluarekin. Bigarrena, 2008an abiatutako ekonomi krisia abiapuntu duena, urriaren 15ean argitaratuko da Hegoaldean. Irakurtzeko modukoa izango da, informazioaren ofizio honetan dena asmatua ez dagoela sinesteko baino ez bada ere.
Koktel lehergarria: ikerketa-kazetaritza, autofikzioa eta komikia
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Atzo Hontzara joan eta lehen eta bigarren bolumenak erosi nituen. Asteburuan irakurriko ditut. Oso itxura ona dute.