Sariaren gozoak dastatzen ari eta ozpinduta etortzea edukazio txarrekoa da, badakit, are gehiago ostirala izanda, eta ordu hauetan, ez da unerik egokiena; hobe nuke isilik egon, baina sentitzen dut, badago miztoarekin jarduteko adina motibo. Nola ez, El Paíseko atzoko albistea leitu ondoren? EFEtik hartutako teletipoa zen, Anjel Lertxundiren sariaren berri ematen eta, bide batez, idazlearen soslaia marrazten.
Esaldi bat eta harridura: “Lertxundi utiliza la literatura para experimentar con ella y ha dedicado buena parte de su obra a las creencias tradicionales” (Lertxundik esperimentatzeko erabiltzen du literatura eta bere obraren zati handi bat sinesmen tradizionalei eskaini die).
Sinesmenak eta tradizioa beraz, Orioko idazlearen obran zutabe.
Batere konturatu gabe, xamana bailitzan beztitu dute idazle bat, Europako literaturaren labirintoa esku ahurra bezala ezagutzen duena.
Sinesmenak eta tradizioa. Ez da, koanto, hain traje estuan euskal idazle bat sartzen duten lehenengo aldia, baina kosta egiten da gauza batzuetara ohitzen. Irudi du euskaraz idazten duen norbaiten aurrean paraturik, kazetari batzuek lehenago ikusten dutela euskalduna, idazlea baino. Eta oso euskaldun partikularra gainera: tribala, misteriotsua; sinesmenetan eta tradizioetan errotua.
Eskema horretan sartuko dizute gaur Lertxundi; sartu zuten atzo Uribe; herenegun Atxaga edo Saizarbitoria; eta bihar, batek daki. Partikulartasun-postalari begira geratzen dira, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira geratuko liratekeen moduan… ilargia ikusi gabe, alegia. Problema da, ikuspegi ihar hori daukan jendearengan daudela gure literatura atzerrira esportatzeko esperantzak. Hori aldatzen ez den bitartean, joan gaitezke ohitzen gure idazle modernoenak txapelaz eta sardez ikustera, larriki sarituta bada ere.
Zorionak Anjel Lertxundiri, baina…
Gorka Bereziartua
3 Iruzkin
Sardea aipatu duk, eta gero “larriki sarituta”. Ez ote duk izango “larriki sartuta”?
Jon Juaristiren iritzia ABCn:
http://www.abc.es/20101017/opinion-columnas/lenguas-201010170311.html
Ikusten dut Gorka, esan nahi zenuela baina azkenean atzera egin duzula. Lertxundi narratzaileari saiakera saria ematea kastrazio ariketa da, mekanikariari Kalderete Onenari Saria esleitzea bezalakoa. Dena dela, badira, seguraski, saiakera sari hori behinere irabaziko ez luketen lanak, “Subordinazioaren kontra” edo “Euskal kultura?” bururatzen zaizkit. Ez dira “creencia tradicional”ei buruz ari, eduki homologagarriak Europan (12 ects), gurea unibertsal egiten dute txokokeririk gabe (ez izan gaiztoak, ez naiz Lertxundiri buruz ari). Galfarsoro eta Luku kalderetea jatearekin pozik beraz.