Jesukristo, Judas eta 'Autokarabana'

Gorka Bereziartua
18

'Autokarabana' nobelaren azala

Ez naiz Jesukristo, baina nire azken afarietako bat ekarri nahi dut gaur hona. Urriaren 7an izan zen, Gasteizen, literatur kritikari buruzko mahai-inguru baten ostean. Janariaren bueltan idazle, kritikari eta itzultzaile ezagunak. Hizketa gai, ezin bestela, literatur kontuak. Off the recorda errespetatzeagatik ezin ditut “zer” eta “nor” guztiak esan, baina uste dut mahaikideei ez zaiela inportako kontatzen badut Fermin Etxegoienen Autokarabana nobelaz jardun genuela pixka batean.
Labur eta sinpleegi esateko, bi jarrera afaltiarren artean: liburuarekin asko gozatu zutenak, batetik; eta ezer berezirik ikusi ez ziotenak, bestetik. Esango nuke dikotomia hori askotan errepikatu dela Etxegoienen obrarekin.

Gogoan dut Hasier Etxeberriak Zuzeu.com webgunean idatzitakoa. Nobela garrantzitsua izan zitekeela esaten zuen, hainbat arrazoi tarteko: antiheroi garaikideari buruzkoa izatea esklusiboki; idazkera ez izatea helburu, bitarteko baizik; nahi nagusia istorioa kontatzeko gogoa izatea…
Nobelak alde makal asko ere baditu, ordea. Ez naiz Jesukristo, eta ez dut uste zurikeriatan ibili behar dudanik: idazkera bigarren mailako afera dela pentsatuta ere (eta nik ez dut hala pentsatzen), Autokarabanaren estiloa zaila da irensten momentu batzuetan. Gehiegi kontatzen duela ere esango nuke, arindu eder bat hartuta hobeto funtzionatuko lukeela. Eta pertsonaiak eta egoerak estereotipatuegiak dira. Parodiaren zerbitzurako, ados, baina nire gusturako, klixe gehiegi.
Meritua ere aitortu behar zaio, noski: askok irakurri dute nobela eta ez du inor epel utzi. Zeresana eman du. Etxegoienen lehen eleberria da eta gutxik lortzen dute halakorik euskaraz, zoritxarrez.
Ez naiz Jesukristo, baina badakit galdezka egongo zaretela, ea zertara datorren duela urtebete publikatutako liburu bat orain hona ekartzea. Bada, ekarri dut, badabilelako zurrumurrua literatur munduko gezurmendietan: Etxegoieni emango omen diote Euskadi Saria datorren astelehenean.
Ez, ez naiz Jesukristo. Judas Iskariote naiz. Eta hogeita hamar dirutan saldu berri dizuet sekretua. 

18 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA