Berdez margotu zituzten atzo Euskal Herriko hemezortzi ibai AHTren kontra protesta egiteko eta albisteen aurkezleak esan zuen “lauzpabost erradikal” baino ez daudela trenaren kontra, proiektuaren alde “lauzpabost oligarka” baino ez daudela ahaztuta.
Ez espero horrelakorik albistegian: oligarkak “elite” bihurtzen dira gaueko notizietan, eta “estrategikoak” dira haien interesen alde diktatutako erabakiak; “garapena” lortze aldera, ezinbestekoak.
Kontra? Lauzpabost erradikal, beti berdin, beti ezezka, beti pelma. “Zein aspergarriak” dio kazetari instituzionalizatuak: nahiago luke Hannah Montanari buruzko notiziaren bat egin, baina gaur ibaiak berde datoz eta AHT zer den begiratu behar izan du Google-en, erredakzio buruak hala aginduta.
Zergatik, baina? Zer du atzoko ekintzak hedabide handietan azaltzeko, aurretik AHTren kontra egin den ia guztia isilarazi baldin badute?
Kazetaritza fakultatean erakusten zuten zerbaitekin akordatu naiz: txakurrak umeari hozka egitea ez dela albiste; umeak txakurrari hozka egitea, aldiz, bai. Eta ibaia berde badator, hori albiste da.
Lezio inportantea Mugitu! mugimenduak eman duena: korporazio handietako medioek badituzte ahuluneak; irudiarekin, ikuskizunarekin daukaten dependentzia, berbarako. Hori aprobetxatzen asmatuz gero, AHTren aurkako iritzi-giroa inoiz ez bezala zabal daiteke. Ea orduan nork esaten duen “lauzpabost” erradikalen kontua dela.
PS: Esker mila Patxi Lopezi, hark idatzitako artikulu batek inspiratu baitu titularra.
Eguneraketa (2010-X-27, 11:40):
Prentsaurrekoa eskaini dute Mugitu!-ko kideek ekintzari buruzko hainbat argibide emanez. Lasai, eskumakoa ez da Shrek 😉