Asmakizun bat proposatzen dizuet: zerk batzen ditu Mario Vargas Llosa, Amedeo Modigliani, Blanca Urgell eta James Bond? Vargas Llosa eta Urgell bizirik daude, James Bond fikziozko pertsonaia da eta Modigliani aspaldi egin zen satorren lagun. Idazle bat, kultura sailburu bat, pintore bat eta agente sekretu bat. Hiru gizon eta emakume bakarra. Denak herri diferenteetakoak.
Zaila jarri dizuet asmakizuna. Eta ez hartu gaizki, konbentzitua nago zuen inteligentzia eta imajinazioa handiak direla, baina ez duzue asmatuko.
Zerk eta zenbakiek batzen baitituzte lau pertsonok. Aste honetako prentsak beraiei buruz emandako zenbakiek.
500.000 aleko tirada izango du Vargas Llosaren nobela berriak. 68 milioi dolarretan saldu dute Modiglianiren koadro bat asteon Sotheby’s etxearen enkante batean. 285 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Urgellek datorren urterako. Eta, Metro Goldwin Mayerren 4.000 milioi dolarreko zorra dela medio, 007 agentearen pelikularik gabe egongo gara puska batean.
Kultur kazetaritzan geroz eta zabalduago dagoen joera da: zenbakiek betetzen dituzte titularrak eta albiste gorputzak. Izar musikalak hirira etortzen dira eta zenbat kamioi, zenbat watio, zenbat jende… besterik ez dugu ahotan. Liburu bat garrantzitsua den edo ez epaitzeko, zenbat ale saldu dituen begiratzen dugu. Kultur politikak ere, inbertitutako milioien arabera dira on edo txar.
Ikuspegi estatistika-zale eta teknokrata horri alergia diot. XX. mende hasierako futuristen goiburua ekartzen dit gogora: haiek, Marinettik eta konpainiak, esaten zuten ziztuan zihoan automobila ederragoa zela Samotraziako Garaipena eskultura baino. Fazinatuta zeuden makinarekin, abiadurarekin, garapen industrial etengabearekin. Eta faxismo italiarraren sustrai bihurtu ziren.
Baliteke apokaliptiko samarra izatea, baina niri beldurra ematen dit, XXI. mende hasiera honetan, abiaduraren ordez zenbaki handiak jarrita, ez ote garen ari tankerako beste ideologia izugarriren baten zimenduak jartzen.
2 Iruzkin
Futurismoarena apur bat oportunista nire gusturako.
Gorka, zenbakiak aipatu dituzula, aurrekoan Anduri irakurri nion zutabea gogoratu didazu. Asmakizuna zuri, zein dira euskaraz bi zenbaki perfektuak?
Bi eta bederatzi. 2-k bi letra ditu. 9-k bederatzi.
http://www.berria.info/blogak/lertxundi/index.php?blog=14&title=perfekzioa