Nola irakurri liburuak, liburuak (osorik) irakurri gabe

Gorka Bereziartua
2
Hainbeste jenderekin liburuez hitz egin behar, eta alerik irakurri ez? Lasai, blog honetan erremedioa

Dena ez baita erudizioa eta sakontasuna izango, aholku praktikoak emateko momentua iritsi zaigu. Gainean dugu Durangoko Azoka eta askok edukiko duten problema konpontzera gatoz. Izan ere, hainbeste dira urte sasoi honetan publikatzen diren liburuak, hain interesgarriak dira denak eta asteburu honetan horrenbeste jenderekin jardungo dugu literatur-kontuez… badagoela jendearen artean beldur, paniko, terrore orokortu bat. Izu hori da, literatur-poteo baten erdian mundu guztia liburu jakin batez hizketan ari denean sortzen dena, norberaren ezjakintasuna erakutsi beste erremediorik geratzen ez denean. “Ez dut irakurri” hiru hitzeko esaldia baino ez da. Baina hitz fatidikoak dira jende kultuaren artean. Pertsona bat deskastatu egin dezake esaldi horrek, bere hutsean.

Ez du erremedio errazik problemak. Irailetik abendura, lanaren edo langabeziaren erruz, belarrietatik baporea botatzen ibiltzen gara mundu honetako kristau, musulman, judu eta ateo guztiak (budistak, lasaixeago) eta ez daukagu denborarik liburu dendako eskaparatea enpo egiteraino betetzen duten nobedade guztiak irakurtzeko. Arratsaldeko irratsaio bat gidatzen duten super-emakumeak bakarrik dira horretarako kapaz, baina, nik dakidala, inoiz ez dute beraien sekretua publiko egin. Beraz pertsona arruntok, Durangon gaizki geratu nahi ez badugu, trikimailuren bat behar dugu, liburuak irakurri gabe, liburuak irakurtzeko.

Nik hiru metodo ezagutzen ditut:

1- Herenen trikimailua: Hiru sistemen artean mantsoena da, baina irakurleari eduki gehien eskaintzen diona ere bai. Sinplea da gainera. Herenen metodoarekin nobela bat irakurtzeko, aski da lapitza hartu eta orrialde bakoitzean bi lerro bertikal egitea. Bi lerroen artean orrialdeko testu osoaren heren batek geratu behar du, horixe baita gero irakurriko duguna. Horrela, 100 orrialdeko liburu batean, testu osoaren %33,33 bakarrik leituko dugu, baina kontatzen duenaren ideia osatu xamarra izango dugu gauzak behar bezala eginez gero… Eta denboraren beste bi herenak irabaziko ditugu.

2- “MetodoA” (horrela, A larriarekin): Mizto gaiztoenek esaten dutenez, sistema hau Radio Euskadiko kazetari batek erabiltzen du (ez diot izenik jarriko, zer gerta ere). Zer den “MetodoA”? Ba da, nobela bat hartu eta hiru zati garrantzitsuenak bakarrik irakurtzea. Hau da, lehenengo 20 orrialdeak; erdian-edo dauden beste 20 orrialde; eta bukaerako 20ak. 20, 20 eta 20. 60 orrialde ziztrinekin kazetaria kapaz izango da, adibidez, ia 700 orrialde dituen Joan Mari Irigoienen azken nobelaz hitz egiteko, istorioaren ñabardura guztietan murgildu izan balitz bezala, baina igandeko derbya literaturaren kulpaz galdu gabe.

3- 99. orrialdearen teknika: Zalantzarik gabe, teknika hau da azkarrena. Baina, duda gutxi eduki, arriskutsuena ere bada. Teknika modura aurkezten bada ere, hipotesi literario bat dela esango nuke. Eta nik behintzat, tertulia informal eta arinetarako bakarrik erabiltzen dut. Mahai-inguru bat prestatzeko edo idazlearekin berarekin hitz egiteko, hobe da ez arriskatzea. 99. orrialdearen teknikaren aldekoek, izenetik igarriko zenutenez, zera defendatzen baitute: nahikoa dela liburu baten 99. orrialdea irakurtzea, kontatzen den istorioaren giltza nagusiak edukitzeko. Istorioa nahikoa aurreratuta egoten da nobela gehienetan 99. orrialderako, beraz, orrialde bakarra arretaz leituz gero, nahikoa mami badago hizketarako.

Hala ere, horiek denek eskatzen dute sakrifizio bat. Irakurtzea. Eta bizi dugun garaietan hori ez da batere ariketa zabaldua. Baina lasai, badago-eta erremedio bat ezer irakurri nahi ez, eta halere liburu guztiez hitz eta pitz aritu nahi duten horientzat ere. Pierre Bayard du izena. 2007an publikatu zuen literatur irakasle frantziar horrek saiakera bat, honako izenburua zeukana: Nola hitz egin irakurri ez ditugun liburuez? Gaur hona ekarri ditugunak baino askoz trikimailu sofistikatuagoak bildu zituen, liburu bat ireki ere egin gabe, hari buruzko tartar luzea eduki ahal izateko. Frantzian oso ondo saldu zen eta beste “etxeko” erdarara ere, gaztelaniara alegia, itzulita dago (eta, parentesi artean esango dut: nik ez dut irakurri).

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA