1999. urtea izango zen, udaberri partean. Donostiako Trinitate plazan kontzertua: Bide Ertzean eta… Etsaiak. Eta, egia aitortzeko, bigarren taldea ikustera joanak ginen batez ere. Besteaz ezer gutxi jakin, “Deabruak Teilatuetan-ekoen talde berria” esan zuen lagun batek. Aurkeztu berria zuten lehen diskoa (oker ez banago) eta gau hartan (honetan ez nago oker) publikoak harrera hotz samarra egin zien. Abstraktuan ez hitz egiteko: genien. Eta zehatzago: nien.
Animalia kapritxosoa da gustua, baina denborarekin beti itzultzen da lehenago ibilitako bideetatik. Pazientzia izanez gero, bigarren aukera ematen dizu ehizatzeko. Hamaika urte beranduago karrerako soinu-banda bihurtua zitzaidan Bide Ertzean, ikusiak nituen zuzenean, baina inoiz ez Donostian. Eta Trinitatetik hurbil tokatu aukera, Victoria Eugenia antzokian, atzo.
Tolosarrek Don Inorrez diskoko kantekin hasi zuten saioa eta segituan konturatu ginen hura ez zela normalean ikusten ditugun kontzertuen antzekoa izango. Bazeukala beste zerbait. Eskenatokiak, atzeko pantailan proiektatutako irudiek, Imanol Ubedak akustikoa afinatu arteko tarteetan erakutsi zuen storyteller gaitasunak… pelikula bat zirudien momentu batzuetan; aberastasun kromatiko handiko ikuskizuna. Zuk esan jotzen hasi zirenean kasu, gorri bizi batek hartu zuen atzeko planoa, musikariak itzal, Quentin Tarantinoren Kill Bill-eko eszena bat gogoraraziz.
Soinua ere txit ondo, kantetako ñabardura txikienenez ohartzeko aukera eman zuen. Tontakeria dirudi, baina segun eta zein abestitan diferentzia marka dezake. Adibidez, Gorka Urbizu Ez dut atzera egingo kantan agertokira gonbidatu zuten bigarren ahotsa egitera eta perfektu entzun genuen Ubedaren atzeko planoan. Tamalez, iruditzen zait ez dela ohikoa euskal taldeen kontzertuetan horrelako baliabide teknikoak edukitzea; galdu egiten ditugu, kalitatezko aretoz aberats ez ibiltzeagatik, musikaren detaile asko.
Eta nabarmentzekoa Joserra Senperenak nola janzten duen lau taldekideen lana hammondarekin (batez ere) eta bestelako teklekin, psikodeliara hurbiltzen diren momentuak sortuz. Kontzertuaren “baina” bakarra, Xabier Leteren Ni naizen bertsioa izan zela esango nuke. Oiartzuarrak ahots atormentatuz kantatzen zuen jatorrizko hura iltzatuegi daukadalako izango da, baina ez ninduen erabat konbentzitu Bide Ertzeanen bertsioak.
Gainontzean chapeau: Hotel Bel-Air edo Badator eguna bezalako kantak klasikoak dira dagoeneko (bide batez, oraingoan lehen kanta horretako koadroa Zumetarena izan zen, diskoa Deabruena) baina Don Inorrezekoekin gustura ezkontzen dira zuzenean. Ez da harritzekoa. Atzo Victoria Eugenian ikusi genituen musikariak aspaldi irabazi zuten Don Norbait izena.
[ARGIAren 2.258. zenbakian argitaratzekoa]
Eguneraketa (2010-XII-24, 15:50):
Klasiko horietako bat, Badator eguna, nola jo zuten ikus dezakezue behean.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartua (Boligrafo Gorria blogean eta Argia astekarian argitaratua) “Victoria Eugenian ikusi genituen musikariak aspaldi irabazi zuten Don Norbait izena” Kritika osoa irakutzeko, klik hemen […]