Apokalipsiak zerrendak egiten harrapatuko gaitu

Gorka Bereziartua
0

Ezetz, benetan, puxika ez da gaur gauean lehertuko...

R.E.M. taldearen kanta bat etortzen zait burura abenduak 31 dituenero, It’s the end of the world as we know it (and I feel fine). Ezagutzen dugun munduaren amaiera da eta hala ere, edo beharbada horrexegatik, ongi sentitzen naiz. Friboloa dirudi, baina apokalipsiaren aurrean eduki daitekeen jarrera itxuroso bakarra da. Ez malenkoniarik, ez beldurrik. Kantaren hitzak idatzi zituen Michael Stipek bai baitzekien, T.S. Eliotek bezala, denbora presentea eta denbora pasatua, akaso daudela presente biak denbora futuroan, eta denbora futuroa konteniturik denbora pasatuan, denbora guztia presente baldin badago eternalki.

Baina demagun baietz, egia dela, ezagutzen dugun mundua bukatu egingo dela gaur gauez. Zertan pasako genituzke gure azken egunak kultur-kazetariok, apokalipsia berehalakoa balitz? Ez da zaila igartzen. Urte bukaera guztietan izaten dugun lan berean: urteko disko, liburu eta pelikula onenen zerrendak egiten. Beti kontu bera sasoi honetara iristean, azken 365 egunetan halakoren diskoa tinpanoak lehertzeraino entzun dela; beste hango haren nobela analfabetoek ere irakurri dutela; eta pelikula horretaz zer esan… bizi osoan akordatuko gara!
Joango dira beste 365 egun eta… nor akordatzen da iazko zerrenda guztietan agertzen ziren izenekin?
Malenkoniatsua izateaz gain, nahiko alferrikakoa ere badenez, nahiago dut 2010eko liburu, disko, pelikula onenen zerrendak albo batera utzi eta datorrenari begiratzea, 2011k oso itxura ona baitu, a priori behintzat.
Radiohead taldeak disko berria erdituko du urtea hasi eta berehala; eta atzetik etorriko dira PJ Harvey, Death Cab For Cutie, Mogwai, The Pains of Being Pure at Heart… kazetari honi lerdea dario izenak esate hutsarekin.
Literaturan ere ez dauka urte berriak itxura txarrik. Gazteegi zendutako bi idazleren liburu argitaragabeek emango dute zeresana: bata Roberto Bolaño da; etxeko paperen anabasan gordeta zeukan nobela bat, Los sinsabores del verdadero policia (Egiazko poliziaren nahigabeak) gaztelaniaz aterako du Anagrama etxeak. Bestea ingelesez ondutako lana da, David Foster Wallace-en The pale king (Errege zurbila); eta idazleak amaitu gabe utzi zuen, bere buruaz beste egitean.
Zineman berriz, dagoeneko hiru film ikusteko gogoa daukat: Coen anaien berria, ingelesez True gift izenburua daramana; Win Wendersen Pina eta Ralf Fiennes-ek zuzendariaren bisera jantzita egin duen lehenengo lana: Coriolanus, William Shakespeare-ren egokitzapena.
Baina noski, horiek atzerritik etorriko dira. Eta artista euskaldunek, zer ekarriko dute 2011n? Durangoko Azokaren zurrunbiloa baretu berri diren honetan zaila da datorren urterako iragarpenak egitea. Zurrumurruak badabiltza han eta hemen, baina fakultateko irakaspenei kasu egin behar zaie, noizean behin gutxienez: zurrumurruak ez dira albiste eta ezin dira nolanahi zabaldu.
Hori bai, eskatzea libre da. Eta 2011n Olentzerok opariak banatu arte ia urtebete geratzen den arren, edo agian horrexegatik, nik badakit datorren urteari ze liburu eskatuko niokeen: Ramon Saizarbitoriaren nobela berria. Uste dut ez naizela izango hurrengo urtean liburu hori soilik argitaratuz gero ere, asebeteta sentituko den irakurle bakarra. Ze, hori leitzen harrapatzen bagaitu, orduan bai esan ahalko dugula lasai, “munduaren amaiera da eta ongi sentitzen naiz”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA