1968ko ekainaren 3an New Yorken zeukan estudiora, The Factory-ra, sartu zen Andy Warhol, Fred Hughes managerra eta Mario Amaya arte kritikaria lagun. Korridorearen bestaldean emakume bat, pistola eskuan. Tiro bat, bi, hiru tiro entzun ziren eta Warhol lurrera erori zen, beruna gorputzean, golkoa odolez gorri. Beste bala batek Mario Amayaren bizkarra urratu zuen. Kanoiak Fred Hughesi ere begiratu zion. Emakumeak katua sakatu zuen.
Ez zen balarik atera.
Din-don soinuagatik jakin zuen igogailua iritsi zela. Handik egin zuen alde pistolaren jabeak eta zenbait ordu beranduago, polizia bati esplikatu zion egindakoa. Berehala atxilotu zuten.
Warhol bizirik atera zen noski, baina bizi osorako beldurtu zuen tiroketak. Hil zen eguna arte, izua hezurretaraino sartuta eduki zuen. Uste zuen emakume hura berriz saiatuko zela bera garbitzen.
Prentsan aritzeak sintesia eskatzen duelako egiten da batzuetan, baina gehienetan motibo ideologikoak ere badaude atzean. Erredukzionismoaz ari naiz: kazetariok pertsona baten dimentsio guztiak kategoria bakarrean laburbiltzeko dugun ohituraz. Dena sailkatu behar dugu eta, baldin eta zerbait sailkaezina bada, “sailkaezin” bezala geratzen da sailkatua. Asuntuak badu garrantzia mota horretako klasifikazioek, batzuetan, pertsona baten obra osoa lurperatzen dutelako. Horixe da Valerie Solanasen kasua.
Izen hori zeukan Andy Warhol hiltzen saiatu zen emakumeak. Eta historiak, edo ideologia nagusiaren historiak behintzat, sailkapen horretan bakarrik oroitzen du: Valerie Solanas, magnizidioa egiten saiatu zen buru nahasiko emakumea.
Etiketa txikiegia SCUM manifestuaren egilearentzat: punkari aurrea hartu zion testua ere idatzi baitzuen Solanasek. Manifestu indartsua oso, bere gehiegikerian. Gizonezkoen esterminioa eskatzen du SCUM manifestuak, zalantza handirik gabe eskatu ere; gizonak ezindu emozional gisa definitzen baititu; esaten du, izaki maskulinoek ez dutela ondo funtzionatzen. Baina behin geure burua aurreiritziz biluztuta, Solanasen hitzek freskotasun harrigarria daukate berrogei urte baino gehiago joan diren arren. Berba elektrikoak dira. Eztanda egiten dute begietan.
Establishmentarentzat erraza izan da, hala ere, Solanas baztertzea: eroetxera eraman zuten azkenerako eta, nola hartu serio horrelako egoeran dagoen norbaiten lan intelektuala? Zailagoa izaten da beti testuingurua ezagutzea, baina ahalegina eginez gero, gauza asko ulertzen dira: aitak txikitatik bortxatu zuen eta 15 urte betetzerako kalean bizitzen ari zen. Puta, eskalea eta junkie-a zela onartzen zuen Solanasek. Emakume izateagatik gorriak eta beltzak ikusi zituen. Baina azkarra izaki, zailtasun horietan bizita ere, psikologia ikasketak bukatzea lortu zuen. Aurrera atera zen, bakar-bakarrik.
Feminista deseroso honen historiak baditu beste hainbat ezaugarri, haren bizitza tragiko bezain nobelagarri bihurtzen dutenak. Eta horixe egin zuen 2006an Sara Stridsberg idazle suediarrak Ametsen fakultatea liburuan. 2009an argitaratu zen frantsesez La faculté des rêves tituluarekin eta 2010ean ekarri dute “etxeko” beste erdarara, Escuela de sueños izenburua jarrita.
Nobelak aukera polita eskaintzen du Solanas desklasifikatzeko. Eta konturatzeko, tiroka baino min handiagoa egin zuela idatziz. Horregatik oroitu nahi baitute batzuek beti tiroketa, eta ahaztu, aldiz, literatura; ideiak baitira zapaltzaileak okerren jasaten dituen berunak.
Desklasifikazioak I: Valerie Solanas
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak lehenik Euskadi Irratian eta ondoren bere blogean esan baitzuen Solanasi buruzko zerbait, baina jarrai dezadan nire hasierako istorioarekin). Lehenak azpimarratzen du bigarrenaren […]