Notizia joan den urteko azken egunarekin etorri zen:
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak, kargua utzi aurretik hartu duen azken erabakia Cesare Battistiren estradizioa ukatzea izan da. (…) ‘Berun urteetan’ Brigada Gorriekin lotutako Komunismorako Armaturiko Proletarioak taldeko kide izan zen eta lau hilketa leporatzen dizkiote bere herrialdean, horietako bi poliziak. Herrialdeko tribunalek biziarteko kartzelara kondenatu zuten. Battistik hilketa-akusazioak ukatzen ditu eta Lularen Gobernuak errefuxiatu politikoaren maila aitortu zion, Brasilen duela lau urte atxilotu zutenean. (…) Lulak ez du nahi izan Dilma Rousseff presidente berriaren lehen ekintza ezker muturreko borrokalari baten estradizioa ukatzea izatea, Rousseff bera ezker muturreko gerrillaria izan baitzen diktadura militarraren garaian. (…) Silvio Berlusconi Lehen Ministro italiarrak adierazi du Lularen erabakia “onartezina” dela eta haren kabinetearen ohar batek ohartarazi du: “Brasilgo presidenteak bere erabakia esplikatu beharko dio Italiako Gobernuari, baina baita italiar guztiei ere eta bereziki biktimen familiei”.
Paragrafo osoa El País egunkariaren webgunetik hartua da. Albistea behin eta berriz leituta ere, ez duzu aurkituko politikari, estradizio, diplomazia, ekintza armatu eta epaiketekin harremanik ez duen ezer.
Egunkari berak honako titularra jarri zuen 2009ko irailaren 27an: “Roman Polanski zuzendaria atxilotu dute Suitzan”. Testu gorputzean filmen tituluak, irabazitako sariak eta, bai, atxilotzeko arrazoia ere bai, ustezko bortxaketa.
Konparazioa interesgarria da, hasieran aipatutako Cesare Battisti, ezker muturreko ekintzaile ohia izateaz gain, idazlea ere bai baita. Baina eskribitu dituen 15 liburuen aipamenik ez duzu aurkituko albisteetan. Eta aldiz, Polanski ustezko bortxatzailea ere baden arren, inongo idazpurutan ez duzu leituko zera: “Polanski ustezko bortxatzailea atxilotu dute Suitzan”.
Pertsonak taldeka sailkatzea ariketa ideologikoa dela erakusten duen beste adibide bat da Battistiz eta Polanskiz esandakoak alderatzea. Lehenengoa terrorista besterik ez da medio ofizialetan; bigarrena, aldiz, zinema zuzendaria, nahiz eta, bien posizioak elkar-trukagarriak izan litezkeen berez.
Dena klasifikatu behar horri ordena poliziala deitu izan dio Jacques Rancière-ek: pertsona bakoitzari esaten zaio zein den gizartean bere lekua; zu artista, zu politikari, zu obrero, zu ikasle, zu baserritar, zu kazetari. Leku horretatik mugitzen ez zaren bitartean, gauzak lasai egongo dira, normal, gris. Izango da tokatu zaion posizioa onartzen ez duen errebelderen bat, baina hori erraz sartuko du poliziak gizartetik kanpo dabiltzan gaiztaginen zakuan.
Ordena polizialak inola ere eraman ezin duena, zera da: behin jendea sailkatu ondoren, batek edo batzuek tokatu zaien lekua utzi eta ibilian-ibilian beste esparruren baterantz jotzea. Ez dagokien lekua okupatzea. Ordena desordenatzea. Oreka desorekatzea. Eta, adibidez, gaiztaginen artean kokatu zuten pertsona hura, Cesare Battisti, ustekabean idazten hastea, ez preseski ordenaren barruko eskribauek euren liburuetan kontatzen dituzten gauza berak errepikatzeko.
Horixe da, Koldo Izagirrek duela lau bat urte idatzi zuen moduan, Battistiri barkatzen ez zaiona: “Idazlea izatea, behin eta berriz jardutea kazetariek ‘berun urteak’ bataiatu zituzten haietaz, Italia usteldua kupida barik islatzea, hitz batean, borrokan jarraitzea eskuinaren balio guztiak bere egin dituen ezker horren aurka lekukotasun garratza ematen fikzioaren bitartez”.
Gero esango dute idazteak ez duela ezertarako balio gaur egungo munduan. Gezurra da. Idazle izateak bestelako garrantzirik izango ez balu, Battistiren testuak jostailuzko pistolak balira, edonoren esku utziko lituzkete. Baina horren ordez, estali egin nahi dituzte mila akusazioren azpian. Testu batzuk, etorkizunez kargatutako arma arriskutsuak direlako.
3 Iruzkin
Wu Ming:
Written on January 17, 2011 at 7:48 pm by Wu Ming
En Venecia, lacayos de Berlusconi quieren poner en marcha la quema de libros.
http://www.wumingfoundation.com/english/wumingblog/?p=1679
[…] Desklasifikazioak II: Cesare Battisti […]
[…] eta, horretarako baldintza mugatu, doi eta garbi batzuk betetzen omen ditugulako. Hemen inoiz aipatu izan dugun Jacques Rancière-ek “ordena poliziala” esaten dio pentsatzeko modu horri, eta nahiz eta ordena […]