Duela 50 urte, 1961ean, gauza asko gertatu ziren: Wikipediak dio Kennedyk hauteskundeak irabazi zituela; Bob Dylan aurreneko kontzertuak eskaintzen hasi zen, hil zen Ernest Hemingway, hasi ziren Berlinen harresia eraikitzen. Eta efemeride horiek, baita beste asko ere, onak izan zitezkeen tarte hau pixka batez betetzeko (parentesi artean esango dut, ziur nago goizago edo beranduago erabili beharko ditudala; horrelako imajinazio falta dauka animalia honek tekleatzen hasten denean) baina momentuz, aukeratzeko moduan gaudenez, urte hartako beste gertakari bat seinalatuko dugu. 1961ean jaso baitzuen Ivo Andritx idazleak literaturako Nobel Saria.
Berandu xamar hasi zen idazten, 30 urteak ondo beteak zituen aurreneko poema liburuak argitaratu zituenerako. Aurretik, Lehen Mundu Gerraren burduntzitik salbatu behar izan zituen bere haragiak. Kartzela ezagutu zuen, mugimendu iraultzaile bateko kide izateagatik. Dostoievski eta Kierkegaard irakurriz pasa zituen 1914tik 1917ra bitarteko urteak eta gerra handia bukatu arte ez zuen libururik publikatu. Hurrengo hogei urteetan ere, garrantzi handiagoa eman zion diplomazialari lanari: Geneva, Madril, Bukarest, Marseilla, Paris, Brusela, Berlin… eta tartean ipuin batzuk han eta hemen. Ez du ematen idazle peto baten ibilbidea, gaur egundik begiratuta behintzat.
Historiaren kapritxoak, gerrak ekarri zuen berriz literaturaren bideetara: 1941ean naziek etxetik atera gabe egotera derrigortu zuten eta orduan bai, idazteari ekin zion. Bonbak eta tiroak isildu bitartean hiru liburu osatu zituen, tartean Zubi bat Drinaren gainean bere obra ezagunena (Literatura Unibertsala bilduman dago euskaraz, Karlos Zabalaren itzulpenari esker). 49 urterekin idazten hasitako lanarengatik ezagutzen dugu, beraz, Ivo Andritx.
Nabarituko zenuten ez dudala idazlea nongoa den esan oraindik. Horixe baita erretratu bizkor honetan gehien interesatzen zaidan partea: Andritx Bosnian jaio zen. Gurasoak, ordea, kroaziarrak ziren. Eta korapilo hori kakanahaste bihurtzeko, elkarrizketa batean esan zuena leitu: “Jaio nintzen herriarekin, Bosniarekin, harremana mantendu dut, baina nire bizitzaren eta obraren lekua Belgrad da”. Nongoa da, beraz, Andritx? Erantzuna erraza eta zaila da, biak aldi berean. Andritx jugoslaviarra da. Baina Jugoslavia xerra guria bezala zatitu zuen gerrak eta orain serbiarrek, kroaziarrek eta bosniarrek oso jarrera kuriosoa daukate iraganeko literaturgileekiko. Aberririk gabe geratu den beste jugoslaviar batek, Dubravka Ugresic idazleak esplikatu zuen, nahiko modu graziosoan:
Kroaziarrek Andritxen poesia bakarrik onartzen dute, eta esaten dute beste obra guztia bosniarrena dela. Bosniarrek diote Andritxek musulmanak diskriminatu zituela bere liburuetan. Eta serbiarrentzat Bosniari buruz idatzi zuen kroaziarra da.
Inork ez du Ivo Andritx nahi, hark idatzitakoak ez duelako balio Serbiaren, Kroaziaren edo Bosniaren historia nazionala kontatzeko, nahiz eta hiru herrialde horietan ulertzen duten hizkuntzan idatzia egon, lehen serbo-kroaziera esaten zitzaion horretan, alegia.
Adibide bat besterik ez da, baina argi erakusten du literatura nazioka sailkatu nahia problematikoa izan daitekeela, eta batzuetan, Balkanetako letren kasuan bezala, ariketa eskizofrenikoa ere bai.
Baina bestalde, praktika hori oso erabilgarria da merkatuarentzat: nobela batek herrialde baten alegoria egiten badu, irakurle atzerritarrari literatur lana baino gehiago, prestigiozko gida turistikoa jartzen zaio eskura. Kontua da, mugak aldatzea nahikoa dela obra osoak bide bazterrean geratzeko.
Beharbada, ezta hori ere. Agian ez da beharrezkoa mugak aldatzea. Agian nahikoa da muga berberetan marko instituzionala pixka bat mugitzea. Eta orain ez naiz Jugoslaviaz ari, orain euskal literaturaz ari naiz, “esportagarria” den euskal literatura horretaz, alegia. Euskal Herria ordezkatzeko balio omen duten liburuez. Jakin min handia baitaukat, ikusi nahi dut horietako askorekin zer gertatuko den urte batzuen buruan, gure historiak bide berriren bat hartzea erabakitzen baldin badu.
1 Iruzkin
Esanguratsua da hego-eslaviarrek, hizkuntza berbera eginda ere, zelan jo izan duten zatiketara, historia edo erlijio arrazoiengatik: Vatikanoaren eta kultura germanikoaren itzaletan egon zirenak kroaziar, inperio otomandarraren menpe eta islama hartu zutenak, bosniar, eliza ortodoxoan egon zirenak, serbiar, baina hor ere bi zati: inperio otomandarraren menpe egondakoak dira serbiarrak, ortodoxo eta serbiar baina libre jarraitu zutenak montenegrotarrak dira. Eta denek hizkuntza bera, Perpinyan, Lleidan eta Alacant-en legez. Albaniarrek aldiz, edozein erlijio eta dialekto izanda ere, oso argi izan dute beti albaniarrak direla, eslaviarrek mehatxatutako herria. Andritx, Ugresic (Ugresitx?) eta Kadare, Balkanetara jotzeko. Esportagarritasun-irizpideak… hurrengo baterako.