Hegan egin nahi eta ezin

Gorka Bereziartua
0

'El arte de volar' nobela grafikoaren hasierako orrietako irudi bat

Antonio Altarribak 2001eko maiatzaren 4an egin zuen bere buruaz beste. Inork ez daki nola saihestu zituen zaindarien kontrolak adin horrekin, nola igo ahal izan zen laugarren solairuraino, nola eraman zituen bere laurogeita hamar urteak leiho izkinaraino eta nola, azkenik, egin zuen salto. Semeak, Antonio Altarriba idazleak, bai, badaki. Aitarekin askotan hitz egin zuelako daki, eta lehen depresio sintomak azaldu zitzaizkionean, bizitzan gertatutakoak kontatzeko eskatu ziolako –200 orritik gora utzi omen zituen, hegan joan aurretik–. Baina batez ere badaki, edo hala dio berak behintzat, bera aitarengan bizi zelako, orain, hil ondoren, aita beragan bizi den legez. Horregatik lehen pertsonan kontatu du haren bizitza, Kim marrazkilariaren laguntzaz osatu duen El arte de volar nobela grafikoan.

Galtzailea, horixe izan zen Altarribaren aita bizi osoan. Letra larriz, lodiz eta azpimarratuta irakurri behar da hitza kasu honetan: galtzailea. Aukera handiak egiterakoan okerreko bidea edo, hobe esateko, bide zuzena, baina porrot segurukoa hautatu zuten horietakoa. 36ko gerran anarkista, Frantziara alde egina, kontzentrazio esparruetan gosea pasatakoa, handik basora lanera eramana, ia esklaboen pare; eta alde egin, eta paperik gabe alderrai ibilitakoa; berriz atxilotua, kontzentrazio esparrura eramana ostera, eta berriz alde egitea lortu, eta sasian ibilia gerra bukatu arte; gero lagun izandako baten eskutik negozio zikinetan sartua, hartaz nazkatua, Espainiara bueltan joana eta Frankismoaren bele beltzek burua makurtzera derrigortua; negozioetan iruzurra jasandakoa, emazte katolikoegiarekin ezkondua, lagunen emazteekin eta prostitutekin larrutan aritutakoa; konturatzerako zahartua, damutua, garaitua.
Epika gutxi eta errealismo asko, Altarribaren aitak bere buruari egin zizkion traizioen zerrendak osatzen du istorioa; kontakizuna gizagaixo batena da, begirada txorietatik kentzeko lepoa lurrerantz bihurritu dioten sufritzaile profesionalarena. Zapaldu baten olerkia, tarteka, komikiak estilo errealistatik urrunduz begirada magikoa hartzen duen arren. Magiak, kasu honetan, ez baitu ezer zuritzeko balio, gordinago azaltzeko baizik. Bere buruaz beste egin aurreko egunetan, adibidez, sator bat ikusten du Altarriba zaharrak bere erraietan bazkatzen.

Nitaz elikatzen da, izan ez nintzenaren penaz… Ez nintzen eguzkiraino iritsi, ez nuen hegan segitzeko indarrik izan… Horregatik jaten nau lurpeko animalia itsu batek. Oso-osorik irentsiko nau.

Leihotik lurrerako jauzia segundo gutxiko kontua izan zen, baina Antonio Altarribak, idazlearen aitak, 90 urte pasa zituen laugarren solairu horretatik erortzen.

Antonio Altarriba idazlea, liburua eskuetan

Hil ondoren ere, bakerik ez. Lurraren kontra lehertu eta egun gutxira, semeak gutun bat jasoko du erresidentziatik, Rita Monreal zuzendariak sinatua, aitak zorretan utzitako 34 euro eskatzen. Semeak ezetz erantzungo dio, nahikoa dela, zaintzeko hobeto zahar etxean daudenen segurtasuna, berak ez duela ordainduko. Handik hiru urtera bide judizialetik aginduko diote zorra kitatzeko, gehi interesak, gehi isuna. Idazleak, ezin du pagatu. Ez du pagatu nahi. Nahiago du kartzela, hartara behintzat oihu egin ahalko baitio munduari aitak jasandako injustiziaren tamaina. Hil ondoren ere haren duintasuna larrutzen ari dira. Eta orduan ulertuko du zergatik saiatu zen aita laugarren pisutik hegan egiten: frakasoaren, frustrazioaren eta umiliazioaren akumulazio hilgarriak bultzatu zuen horretara. Erremedioa jarri behar dio, bestela aitaren errautsek ere ez dute bakerik izango.
Istorioa kontatzea izan da idazlearen mendekua. 2009an argitaratu zen lehenengoz El arte de volar eta aurreneko edizioan inprimatutako liburuak 34 euroan saldu ziren, hain zuzen idazlearen aitari zahar etxeak eskatu zion kopurua. Sari ugari irabazi ditu geroztik, azkena iazko Espainiako Komiki Saria eta orain bai, uste dut esan daitekeela: Antonio Altarribak irabazi egin du. Irabazi du, ez dagoelako bakarrik. Beste askok ere beren burua ikusten dutelako komikian. Gerra galdu zuen belaunaldi osoak, besteak beste, baita jai eta aste hormak gainditu ezinda bizi direnek ere. Baldintza objektiboek zapaldu zuten gizon baten historia den neurrian, munduko herritar askoren historia ere bai baita El arte de volar.
Idazlea Zaragozan jaioa izan arren, Euskal Herrian bizi da aspaldian eta ez nuke bukatu nahi datu horrek, Espainiako sariren bat jasotzeari batuta, azkenaldian ekarri ohi duen ezinbesteko emaitza aipatu gabe. Patxi Lopezen laudorioa jasotzea, alegia. Lehendakariak Altarribaren liburuaz zera esan du: maiz komikia bigarren mailako artetzat jo izan dela eta horrelako sariak beharrezkoak direla beste generoen altura berean jartzeko. El arte de volar-ek erakusten duela, komikia ez dela haurrentzako generoa.
Horrelakoetan duda sortzen zait, Lopezek –edo beste edozein politikarik– benetan irakurri ote duten goraipatzen duten obra hori. Gaiztoa izango banintz esango nuke baietz, ziur nagoela Patxi Lopezek El arte de volar leitu duela, liburuak marrazki asko dituela kontuan izanda. Baina zintzoa naizenez, esango dut ez dudala uste irakurri duenik. Eta horregatik, Ramon Etxezarretak antzeko beste adierazpen batzuen harira idatzitakoa nire egiten dut. Galdera luzatu nahiko nuke: Lopezek, musika modernoaz asko jakiteaz gain, komiki mundua ere horrelako baieztapenak egiteko moduan ezagutzen ote du? Zalantza handiak ditut. Eta inolako agintariri ez zaio eskatzen gaiari buruzko master bat egin izana; baina bai edozein komentario egiten hasita, gutxieneko baldintza bat betetzea: sinesgarritasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA