Jean-Patrick Manchette-n ‘Nada’: Kondenaz eta matxinadaz

Gorka Bereziartua
0

Jean-Patrick Manchette idazlea

AEBen Parisko enbaxadorea bahituko du talde armatu anarkista batek. Nada izenez bataiatu dute banda eta elkarrekin batere antzik ez duten pertsonaien tutti fruttia da: Épaulard mundu osoan borrokan ibilitakoa da eta ez zaio idealismo handirik geratzen; Treuffais, gizarteaz nazkatutako intelektuala; Cash, femme fatale militantea. Eta abar. Jean-Patrick Manchettek bikain marraztu zituen nobela beltz honetako pertsonaien ertzak, idazketa molde behaviourista erabiliz: narratzaileak pertsonaien portaerak erakusten ditu, haien izaera ulertzeko lain, baina irakurle bakoitzari bere irudia osatzeko adina oxigeno emanez.

Idazlea, nobela egin zuenerako, aski desenkantatuta zegoen borroka armatu iraultzailearekin. Igartzen da. Urrun daude Nadako militanteak ezeren eredu izatetik eta beraien borrokak ondorio bakarra izango du: poliziaren balapean denak odolustuta hiltzea. Denak? Ez. Buenaventura izeneko pertsonaiak hanka egitea eta ezkutatzea lortuko du. Magnetofoia hartuta talde armatuaren epitafioa grabatuko du, gero prentsara bidaltzeko:
'Nada'-ren lehen edizioaren azala

«— Oker nengoen —esan zuen bat-batean—. Ezkerreko terrorismoak eta Estatu terrorismoak, izateko arrazoi diferenteak badituzte ere, elkarrekin osatzen dituzte… —hemen zalantza egin zuen—, ergelentzako tranpa beraren bi kurrikak —errematatu zuen eta hizketan segi—. Noski, erregimenak terrorismoaren kontra borrokatzen du, defendatu egiten da. Baina sistema ez, ez da defendatzen, akuilatu egiten du, publizitatea ematen dio. (…) Estatuak amets egiten du herio-amaiera arranditsu eta beldurgarriarekin, indar polizial eta mertzenarioek nihilismoaren komandoen kontra antolatutako erabateko gerra zibilarekin. Matxinatzen direnei jarritako tranpa da, ni erori naizen tranpa. Eta ez naiz bakarra izango. Eta horrek asko izorratzen dit».
Buenaventurak zinta hori grabatuta borrokarako esparru berria zabaltzen du ordea: narratibarena. Nada taldearen motibazioak, oinarriak eta ekintzak kontatuz sistemaren kontra aritzeko zeukaten zilegitasuna ateratzen da argitara, aukeratutako bideak gorabehera.
«— Terrorismoaren kondena —esan zuen Buenaventurak mikfrofonotik— ez da matxinadaren kondena, matxinatzeko deia baizik».
Esaidazue, ez al du esaldiak gure testuingururako balio?
[ARGIAren 2.266. zenbakian argitaratzekoa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA