Oso interesgarria izaten ari da azken hilabeteotan, Tunisiako eta Egiptoko erregimenak erori ostean, Europako eta AEBetako medio handiak nola ari diren herrialde arabiarrei buruzko mezua egoera berrira egokitzen. 2011ko urtarrilera arte “aliatu estrategiko” ziren agintariak diktadore bihurtu dira bat-batean; baina haien kontra matxinatzeko arrazoi bakarra demokrazia lortzea da, kausa sozialik ez da existitzen; funtsean, saltzen den ideia zera da: “gu bezalakoak izan nahi dute” eta horretarako, Tariq Alik ARGIAri esan zion moduan “guk asmatutako gauzak erabiltzen ari dira” (Twitter, Facebook…).
Komeni da, ordea, sistema demokratiko homologatuetan gertatzen denari ere arreta jartzea eta hori egiteko, ez dute askorako balio ohiko medioek. Islandiako iraultzaz bestelako hedabideei esker enteratu ginen eta zaila da Europan egunero gertatzen ari diren istiluen berri inon aurkitzea. Alain Bertho antropologoa fin ari da, ordea, lan hori egiten. Merezi du haren Anthropologie du présent blogetik promenatzea jabetzeko badirela puntu bero samarrak etxetik gertu. Begira Grezian, Erresuma Batuan edo Italian, besteak beste, zenbat istilu izan den azkenaldian.
Datu interesgarriak dira, erabat eraisten baitute auzi honen iltzea diktadura-demokrazia dikotomian kokatzen duen diskurtsoa (lotsagarri samarra, adibidez, Javier Valenzuelak El Paísen Egiptokoaren eta 1989ko Berlinen artean egin zuen konparazioa), problema politikoa besterik izango ez balitz bezala, lau urtean behin bi alderdiko hauteskundeak antolatuta konpon litekeena. Hori baino gehiago beharko dute herrialde arabiarretako biztanleek. Hori baino gehiago eskatzen hasi beharko dugu guk ere.
Iraultzak eta istiluak ez dira herrialde arabiarretako kontua bakarrik
Gorka Bereziartua
0