Boligrafo Gorria
Energia
by Gorka Bereziartua
  • Energia

Zergatik ez ote dute pro-nuklearrek erruleta errusiarra maite?

Gorka Bereziartua
2011-03-18
1

Argazkian pro-nuklear bat, jostailu berriarekin dibertitzen

Fukushimakoa noizbait pasako delakoan —uler bedi, telebistatik; erradiazioak hor jarraituko baitu arreta mediatikoa bestelako kontuetara urrundu eta gero ere—, batzuek oraindik nuklearren defentsa sutsuan dihardute hemen eta han. Baina Japoniako desastreak erakutsi du energia mota hori, funtsean, errusiar erruleta bezalakoa dela.
Ez duzuela jokoa ezagutzen? Sei balako danborra daukan errebolberrean bala bakarra sartzen da eta beste bost zuloak hutsik utzi. Jokalari bakoitzak pistola bere buruan pausatu eta katuari sakatu behar dio. Irabazteko probabilitateak oso altuak diren arren —uler bedi, balarik ez ateratzekoak— eta jolasa atzo goizean asmatua ez den arren, kostatzen ari zaio munduan zabaltzea. Jokalariak ere gutxi dira eta, oso argi ez dauden kausengatik, beste pertsonek baino bizi-esperantza txikiagoa dute. Munduko kasino bakar batean ere ez dute eskaintzen, gainera.
Erruleta errusiarra eta zentral nuklearrak ez dira erabat igualak, ordea. Diferentzia garrantzitsu bat, honakoa: Smith & Wesson bat buruan jarrita posturak egiteko prest egongo ez litzatekeen jendeak, ez daukala batere dudarik “segurtasun” bereko apustuak egiten hasteko indar atomikoarekin. Beste diferentzia (txikikeria bat, garrantzi gutxikoa) zera da: erruleta errusiarrean jokatzen duenak, galduz gero, bere kaskezurra bakarrik saltaraziko duela. Apustu nuklearrean ordea, herritar guztien buruari apuntatzen dio pistolak.
PS: Nuklearrei buruzko egia bakarra eta gezur asko esplikatu ditu Julian Jimenez irakasle valentziarrak Energía nuclear ¿Jugamos a la ruleta rusa? post-ean. Informazio baliagarria, mila aldiz errepikatutako zenbait gezur egia bihur ez daitezen.
PS2: Erruleta errusiarrean irabazteko probabilitateei buruzko artikulu hau ere, oso interesgarria da.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

errusiar erruletafukushimanuklearreakpro-nuklearrakprobabilitateasegurtasuna
1 Iruzkin
    mikel (e)k dio: Erantzun
    2011-03-18, 15:24

    Nuklearren aurka daukadan argudiorik handiena ez da segurtasun falta.
    Uste dut nuklearrak seguruak izan daitezkeela, beste edozein zentral (hidroelektriko, termiko…) izan daitekeen modura. Dena den, ezinezkoa da %100ean segurtasuna lortzea (ez nuklearretan ezta inon ere) eta hor dago koska.
    Zentral termiko bati gertatu ahal zaion txarrena, erretzea da, eoliko bati, erortzea… nuklear bat pikutara baldin badoa askoz aztarna larriagoak uzten ditu. Hori da nire ustez nuklearren kontrako argudiorik sendoena, ezin dela horren eragin larriak dituen zerbait _guztiz_ kontrolpean izan eta beraz alde batera utzi beharko litzatekeela.
    Hori, zabor erradiaktiboaren aferan sartu gabe…
    Baina egia esan, ez ditut ezta erlojupeko bonba modura ikusten… Beste Txernobyl batzuk gertatzea posible dela uste dut, baina ez dut ezta horren ziurtzat jotzen. Zenbat eta nuklear gehiago egon orduan eta gorago joango da istriuparen probabilitatea, noski, baina erlatiboki txikia dela eta izango dela uste dut. Dena den, txikitasun horren barruan nahikoa eta sobera dela uste dut nuklearrak alde batera uzteko.
    Alde horretatik, sei baladun errebolberra baino gehiago, zenbait dozena bala izan ditzakeen errebolber batekin egingo nuke konparaketa.

Utzi erantzuna Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Gora desertoreak!2011-03-15
Fukushima, Fukuyama eta Spiderman nuklearra2011-03-21
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA