Iragarri zuen Iratxe Retolazak eta ez genion behar adinako kasurik egin: presentzia literarioak ari gara nabarmentzen literatur testuen gainetik. Idazlearen bizipenak eta ez haren lanak. Eta behin horretan hasita, zergatik mugatu letra-juntatzaileen bizimodu aspergarrietara? Ez ote da “erakargarriagoa”, demagun, kirolariak idazle bihurtzea? Elkar aldizkariak Edurne Pasaban alpinista ekarri du azalera azken zenbakian Catorce veces ochomil lana aitzakia hartuta. Euskaraz idatzi ez duelako, bestela lehen euskal-celebrity liburua dela esango nuke, beste argitalpen industrietan oso zabaldua dagoen generoa, baina gure artean oraindik (eta nire ustetan, zorionez) gehiegi jorratu ez den esparrua.
Ez dakit Pasabanen liburua oxigenorik gabe irakurri ahalko den; bai ordea, arrakasta baldin badauka zeintzuk bihur daitezkeen idazle hurrena. Eta bestela ere nahikoa lan egiten dugunez debalde, idatziko lituzketen liburuentzat tituluak proposatuko ditut jarraian (nahiz eta kontziente naizen, tankera honetako zerbait eskribitzen hasita, nekez idatziko luketela euskaraz).
Kirolariak:
Xabi Alonso (Babarrunetatik chotisera: munduko txapeldun baten ibilerak).
Mikel Goñi (Mekauen Dios! Bizitza bat takorik gabe).
Sukaldariak:
Karlos Argiñano (Espainiako ibairik luzeena: telebistan kontatzen ausartu ez nintzen txisteak).
Pedro Subijana (Argiñano baino hobea naiz, problema da ez daukadala graziarik).
Musikariak:
Amaia Montero (Txorizo eta malkoak Donostiako lau teilatu gainian).
Mikel Erentxun (Nola iritsi Top Ten Nacionaleko gailurrera).
Zerrenda osatugabea da, bistan denez, eta era guztietako proposamenak onartzen dituena. Hor behean idatzi besterik ez duzue egin behar.
PS: Honekin lotuta (nolabait) Iban Zalduak Volgako Batelarietan idatziriko Durangoko Azokan topatu ez ditudan liburuak.
7 Iruzkin
Nonbait irakurri diot liburua idazteko beharra sentitu duela… Hori da hori, batzuen barneko korapiloen larritasuna, mundu errekorrak lortu edo liburuak idazteko premia intimo hori. Nik uste dut ezingo dudala liburua irakurri ezta oxigenoarekin ere.
Jose Luis Korta (Ortzaikatik Sestaora, nire bizitzaren GPSa)
Xabier Euskitze (Mila eta bat punpa) edo (Mila eta bat kintze)
Nik ere uste dut zorionez ez zaigula iritsi moda hori, eta, zorionez halaber, iristen zaigunean ere askoz makalago egingo duela.
Ez derrigor hemengo ospetsuak lotsatiagoak direlako, edo argitaletxeak puruagoak, kalkulu ekonomikoengatik baizik.
Hau da, horrelako liburuak (salbuespen nabarmenen bat kenduta) ez ditu ospetsuak idazten, beltz batek baino; idazlearen izena batzuetan agerian jartzen da (“laguntzaile” gisa), eta beste batzuetan ezkutuan. Baina lan profesional bat da, enkarguz egina, eta ordaindu egin behar dena, liburua saldu zein ez.
Hortaz, jakinda horrelako liburuen helburua ez dela izaten bereziki kulturala eta are gutxiago artistikoa, dirua egiteari begira oso apustu kaxkarra izango litzateke: kazetari edo idazle txukun baten lana ordaintzeko adina emango al luke liburuaren salmentak? Kasurik onenean, gastuak estalita pozik; txarrenean, argitaletxeak dirua aurreratu, promozio kanpainan ere inbertitu, eta diru-zulo galanta egin dezake.
Horra, gure txikitasunaren abantaila (txiki) bat.
Ba nik erosi egin dut Pasabanen liburua eta oso gustura irakurriko dut. Ez dakit zergatik sartu behar zaren azken mendeko euskal kirolaririk onenarekin.
Oso ona Txorizo eta malkoak!!
Azken mendeko kirolaririk onena al da Edurne Pasaban? Patxi Usobiaga, Aritz Aranburu, Naroa Agirre, Almudena Cid, Juanito Oyarzabal, Leire Olaberria, Alberto Iñurrategi, eta Irati Andaren aurretik ere agian?
[…] Umore gehixeagorekin aritu ginen presentzia literarioen kontu honetaz duela ez hainbeste. Etiketak: alberto moyano, ander iturriotz, euskadi saria, iratxe retolaza, presentzia […]