60ko hamarkadako euskal pop musika eta ‘Urtz amnesia’

Gorka Bereziartua
4
Yoloak talde ordiziarraren argazki bat, 1967ko Zeruko Argian publikatua

Zirrara berezia eragiten du 1960ko hamarkadan Luis Amilibiak Bob Dylanen Blowin’ in the wind kantari egin zion euskarazko bertsioa entzuteak. Jon Zelestinori esker jarri dute sarean Euskalerria Irratiko lagunek Entzun aizetan, baita garaiko beste zenbait pop pieza interesgarri ere. Baina apunte honen helburua, horiek entzuteko gomendioa egitearekin batera, nire ustez okerra den historizazio bat auzitan jartzea ere bada.
Esplika nadin. Zera leitu dut gutxi gorabehera Euskalerria Irratiaren webgunean: 1960ko hamarkadan kantautoreak musika komertzialari gailendu zitzaizkiola, Ez Dok Amairu bihurtu zela mainstream eta pop musika berriz, underground. Nire zalantzak ditut hori erabat hala izan ote zen.

Erredakzioko lagun beteranoenek behin baino gehiagotan kontatu izan didate hamarkada hartan euskal kanta arrakastatsuenekin hamabostean behin osatzen zen “Euskal Hit Parade” izenekoan ez zirela Laboa, Lete, Iriondo eta Lertxundiak nagusi izaten, Kontrapuntoak taldeak Massielen La, la, la hartuta egin zuen bertsio euskalduna eta tankerakoak baizik. Kontuan izan behar da Ez Dok Amairu 1965an sortu zela, hamarkadaren erdia pasata, eta gainera, ez zutela berehalako arrakastarik izan: 1967ko Zeruko Argiaren zenbakiak hostokatzea nahikoa da konturatzeko, artean kazetariek gazte haiei buruz esplikazio askotxo eman behar zituztela. Badaude motiboak pentsatzeko bitartean ye-yea zela euskal eszena (are gehiago Nagore Irazustabarrenak idatzitako Euskal musikari ilea luzatu zitzaionekoa artikulua irakurri ondoren), eta bolada batean ye-yeak eta kantautoreak ez zirela aparte bizi izan. Yoloak taldeari egindako elkarrizketa hau irakurrita ikusten da: Elvis Presleyren eta Los Bravosen bertsioak egiten zituzten, baina Ez Dok Amairurekin ibiltzen ziren jaialdiz jaialdi.

Kontrapuntoak taldeko kideak (argazkia: Periañez Sevilla)

Zer gertatu zen beraz, 60ko hamarkadako pop euskalduna gure musikaren historiatik ezkutatzeko? Nire hipotesia: 1970eko urteetan aurreko hamarraldiari begira jarri zirenean, gaur egun 1990eko hamarkada errepasatzean egiten den “Urtz amnesia”-ren antzeko zerbait pasa zela. Orain ematen baitu 90etan mundu guztiak Dut entzuten zuela (Negu Gorriak-ez aparte, noski). Gutxiago aipatzen dira urte haietan Top Gaztea astintzen zuten beste talde batzuk, Urtz edo EH Sukarra, berbarako. Eta nekez aupatuko du inork bolada batean etengabe entzuten zen Hemendik At!-en euskodancea.
Urteak pasa ahala gure iraganaren berrinterpretazio interesatua egiten dugu eta estilo batzuk oso lotuta geratzen dira nerabezarora, garai ederra, noski, baina, zergatik uka, baita pixka bat erridikulua ere.
Orain imajinatu 70etan Francori sua eman nahian dabilen gazte iraultzaile haietako bat: bakeroak, zimak eta tabako-beltza. Vietnamitan inprimatutako propaganda politiko ilegala darama zakuan. Beharbada Leninen liburu baten edizio klandestinoa besapean. Agian burdin bat gerrian, tiro egiteko prest. Nola aitortuko dizu bospasei urte lehenago Ameslariak-ekin Baby nerea kantatzen ari zenik?

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA