Utikan Man Booker sariak

Gorka Bereziartua
0

John Le Carré idazleak uko egin dio Man Booker sarietan hautagai izateari

Badira gure artean adur txarreko zenbait txoritzar, euskal literaturarekin zerikusia duen edozein polemika pizten denean korrika abiatzen direnak bakea, bakea, bakea aldarrikatzera, pentsatuz bestelako edozein jarrera bizi gaituen anormaltasunaren seinale dela, ez besterik. Etsenplu gisa: idazle batek muzin egiten badio sari bati edo eskatzen badu bere lana ez dezatela baloratu X golardo jaso dezaketen obren artean, orduan, ez da faltako jarrera horren atzean debaldeko istilua antolatu nahia ikusiko duenik, non eta kulturaren esparruan, zeinak politikak, ekonomiak eta futbolak ez bezala, izan behar duen aratz eta gatazkarik gabeko (“letrak eta haurrak ez uki!” litzateke kontsigna, gutxi gorabehera). Bada, (horretan ere) hain arraroak ez garen seinale, begira zer gertatu den aurtengo Man Booker sarien atarian.

Ezagutarazi dituzte hautagai diren 30 idazleen izenak eta John le Carrék segituan ondoko mezua igorri die sariaren antolatzaileei:

Ohore handia da niretzat 2011ko Man Booker nazioarteko sariko finalista izendatua izatea. Alabaina, nik ez dut lehiatzen sari literarioengatik eta beraz nire izena erretira dezazuela eskatzen dizuet.

Rick Gekoskik, saria emateaz arduratzen den epaimahaiko kideak, zera erantzun du:

John le Carréren izenak, noski, zerrendan jarraituko du. Nahigabetuta gaude izena bere erretiratzea eskatu duelako, bere lanaren miresle handiak baikara.

Sari bati publikoki uko egin eta halere epaimahaia berean tematzea… Ezaguna egiten al zaizue? Ba horixe, kontua normal-normala dela. Alderdi horretatik behintzat, gainontzeko literaturetan bezain ondo edo (segun eta nondik begiratzen den) bezain gaizki ari gara egiten gauzak Euskadi jator, goxo eta puta honetan.
PS: Nahiz eta Euskadi Sariak lehiaketa bihurtzearekin eta beste sari bateko finalistak emandako ezezkoa naturaltasunez onartzearekin, gainontzeko literaturak baino aurreratuago bagaudela ere esan litekeen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA