Ba al zenekiten pelikulak egiten dituztenek, gidoia osatzerakoan eta filma muntatzean ikusleen behar fisiologikoak oso kontuan izaten dituztela? Eta behar fisiologikoak diogunean, batez ere gizaki orori eragiten dion premia bati buruz ari gara: pixa egitea. Oso gorputz-atal kapritxosoak dira giltzurrunak da maxkuria, behin beteta daudenean dagoenean ez dago hustea beste erremediorik eta horretarako (ez dakit hau azaldu beharko nukeen baina) komunera joan beharra dago. Hollywood konturatu zenean ikusle askori film baten erdian etortzen zitzaiela beren barne produktu gordina husteko beharra, eta komunetik bueltan istorioaren une garrantzitsu bat galdu zutela, horrek dakarren dezepzio sentsazio neurrigabearekin, zerbait egitea erabaki zuen.
Zinemaren industriak urtetan gordeta eduki duen sekretua da, inon idatzi ez den arau bat. Zuzendari bakar batek ez du gaiaz hitz egin, gidoilarien ikastaroetan ez da modu esplizituan azaltzen, muntaia arduradunek, galdetuz gero, ez dizute txintik esango. Beharbada inor gutxiri axola zaio, azken finean, istorio bat kontatzean gogoan izan beharreko gai tekniko bat besterik ez da, eta ikusle arruntak ez du zertan jakin. Eta beharbada gaia ez da jende aurrean hitz egitekoa ere. Beharbada arraro sentituko zinateke jakingo bazenu, hainbeste gustatzen zaizun pelikula klasiko horretan ere, egileak zure maxkuriaz akordatu zirela momentu batez.
Kontuak kontu, film guztietan salbuespenik gabe betetzen den araua da: ikusleari hiru minutu uztea, badaezpada, komunera joan dadin. Ezer gertatzen ez den hiru minutuko tartea, sekreturik, konfesiorik, eztandarik, hildakorik gabeko hiru minutu. Garrantzirik gabeko hiru minutu. Ezinbesteko espazioa, gernua jariatzen ari den ikusle sufritu horrek, atzera butakan esertzen denean, istorioa lasai jarraitu dezan.
Baina esan dugu, gai hau sekretu samarra da eta beraz, gauza batzuetan hainbeste aurreratu dugun garai hauetan, komunera joateko aretotik irtetea erabaki transzendental samarra da oraindik ere. Ez dakizu bueltatzen zarenerako mundu guztia ez ote den ariko esaten Bruce Willis hasieratik hilda zegoela edo Darth Vader Luke Skywalkerren aita dela.
Eta ez dakizunez, bi aukera geratzen zaizkizu, zein baino zein okerragoak. Bat: hortzak estututa eutsi, zure mugimendu bakoitzarekin giltzurrunetako maxkuriko edukia isurtzeko beldurrez, sufritzen eta, beraz, pelikula osorik ikusten baina batere gozatu gabe. Edo bi: komunera korrika abiatu, egin beharrekoak egin zineko koka-kola basoak hain handiak izatea behin eta berriz madarikatzen duzun bitartean, eta, Murphyren legeari sinestera, pelikulako pasarte garrantzitsuena galdu, zinetik atera ondoren lagunekin izango dituzun konbertsazioan parte hartzeko aukerarekin batera.
Ba, andre eta jaunok, bukatu da pixa egiteko gogoak zalantza izugarri horiek sortzen zizkigun garaia. Eta bukatu da, RunPee.com webguneari esker (euskaraz “korri pixa egitera” itzuliko genuke, gutxi gorabehera). Interneteko atari horrek film bakoitzeko minutu hutsalenak zein diren jakiteko aukera eskaintzen du, pelikula ikustera eseri eta pixagura sartuz gero, lasai atera ahal izateko, ezer galtzen ari ez garela jakinda. Adibide pare bat: ez dut ikusi oraindik, baina RunPee.com-i esker badakit Coen anaien True grit ikustera joaten naizenean, 43. minutuan ezer gertatuko ez den tarte bat hasiko dela. Edo, ikusi ez dudan beste bat aipatzeagatik, Oscar sariei esker asko famatu den The King’s speech pelikulak ere, 44. minutuan pixa egitera lasai joateko tarte bat daukala jakin ahal izan dut. Webak, gainera, zati horien hasierari buruzko xehetasunak ematen ditu, pertsonaiak zer esaten duen edo planoan zer agertzen den esplikatuz.
Itzul gaitezen ordea zuzendariaren lanera. Noski, pixa egiteko ikusleari erreserbatzen dion denbora hori ongi kalkulatu behar da, pasarte hutsalak sartzea, ikusi dugun arrazoiengatik, ezinbestekoa bada ere, inoren giltzurrunak maxkuriak ez baitauka sagardo upelaren bolumenik, eta behin butakan berriz eseri zarenean, orduan, zerbait interesgarria konta diezazuten nahi duzu.
Hau esaten ari naiz, behin gertatu zitzaidalako pantaila aurrean esertzea eta laurogeita bederatzi minutu pasatzea pentsatuz, edozein momentutan joan nintekeela komunera, edo krispetak erostera, edo, zer arraio, txakurra paseatzera ere bai, bueltan etortzean, joatean bezain gauza gutxi gertatzen ariko zen segurantzarekin. Pertsonak batzuetan erabakitzen du ez diola bere buruari problema berririk eragin behar eta horregatik ez dut esango zein zen ordu eta hogeita bederatzi minutuz etengabe komunera joateko aukerak eskaintzen zituen pelikula hura. Baina bukatu aurretik, asunto honekin guztiarekin atera dudan ondorio nagusia zein den azalduko dizuet: zuzendari batentzat garrantzitsua dela ikusleen behar fisiologikoak kontuan izatea; baina, giltzurruna lehertzea ekarriko badu ere, inportanteena, orain eta beti, pelikula onak egitea dela.
Korri pixa egitera!
Gorka Bereziartua
2 Iruzkin
Ba ni enago ados teoria horrekin, azken finean hala balitz nola jakin zein unetan ez den ezer gertatuko? Esan nahi det, Runpee hori atera aurretik, filma ikusten ari bazara nola jakin zein den unea altxatu eta pixa egiteko? Irudipena izan dezakezu minutu baten ondoren ezer gertatu ez bada, baina pixkat luzatuz gero agian hiru minutuak joan zaizkizu eta dagoeneko zeozer gertatuko da eta ezin joan orduan!!!!!
Ta azkeneko puntua, pixa ez da giltzurrunetan pilatzen, maskurian pilatzen da eta hau betetzean sortzen da pixagura, hustu beharrekoa maskuria da giltzurrunak filtroa besterik ez dira.
Aupa Eneko… em… asko nabaritu da iraitz-sistema klasean esplikatu zuten egunean txiker egin nuela ezta? Aldatu dut testua (azkeneko giltzurrunen aipamena izan ezik, Simpsondarren kapitulu batean Abe zaharrari gertatuakoaz gogoratuta jarri bainuen eta tira, grazia egiten dit).
A, eta noski, hau ez da serio egindako testu bat, Hollywooden sekretuarena RunPee.com-i buruz hitz egiteko aitzakia baino ez zen 😉