Boligrafo Gorria
Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurriak Kulturgintza
by Gorka Bereziartua
  • Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurriak
  • Kulturgintza

Etorkinak eta euskal kultura ('Zorrotzako portuan aldarrika' revisited)

Gorka Bereziartua
2011-04-26
1

'Migrant mother' (Ama etorkina), Dorothea Langen argazkia

Ez ditut sobera maite pertsonak talde itxitan banatzen dituzten sailkapenak. Ez zait gustatzen pentsatzea gutako bakoitzari berez tokatzen zaigunik eraikin sozialeko solairu zehatz bateko pisu jakin batean gela konkretu bat, zergatik eta, horretarako baldintza mugatu, doi eta garbi batzuk betetzen omen ditugulako. Hemen inoiz aipatu izan dugun Jacques Rancière-ek “ordena poliziala” esaten dio pentsatzeko modu horri, eta nahiz eta ordena polizialak funtzionatzen duen ideologiak kutsatu gabeko egia gisa, funtsean agintean daudenen interesekin estu-estu lotuta dagoela iruditzen zait.
Hori guztia diot, asteartean (apirilak 12) Berriaren edizio digitalean honako titularra aurkitu nuelako: “Azkoitian etorkinek euskal kulturari buruzko ikastaroa egin beharko dute”. Azpitituluak esplikatzen zuen, ‘Errotze’ txostena lortu ahal izateko, hamar orduko ikastaroa egingo dutela etorkinek Gipuzkoako herri horretan.

Kopeta pixka bat zimurtu zitzaidan hasieratik. Notizian behera jarraitu nuen.
‘Errotze’ txostenak, albiste barruan esplikatzen zenez, etorkinaren integrazio maila erakusten du, eta atzerritik etorritakoek bizitzeko edo lan egiteko baimena lortzeko daukaten bideetako bat da.
Bekainak okertu zitzaizkidan, ez gehiegi oraindik. Irakurtzen jarraitu nuen:
“Eskubideak bai. Betebeharrak ere bai” zioen albisteak. “Printzipio horretan oinarritzen da Udalaren kudeaketa immigrazio kontuetan. Udalak azaldu duenez, ‘etorkinek eskubideak dituzte; besteak beste, hezkuntza eta osasun zerbitzuak esku-eskura dituzte. Baina integrazioa bi norabideetakoa izanik, etorkinei dituen elkarbizitza arauekiko errespetua eta tolerantzia eskatzea bateragarria da'”.
Eta hori leituta, begien gaineko biboteak V letraren forma hartzen hasi zitzaizkidan, geroz eta angelu zorrotzagoarekin. Izan ere, lerro artean irakurrita, zera ulertzen da: etorkinak zerbitzu publikoez aprobetxatzen direla, eta aldiz ez dituztela “elkarbizitza arauak” errespetatzen (ze, errespetatzen dituztela kontsideratuz gero, ez dago zertan ezer eskatzen ibili beharrik).
Gero albistea Twitterren zabaldu zen. Euskal kulturan murgilduegi egon ondoren-edo, beste hizkuntza bat probatzeagatik espainolez idaztea erabaki zuen erabiltzaile bati “una buena opción para integrarse” iruditu zitzaion Azkoitiko ekimena. Euskara garbian, beste batek honakoa idatzi zuen: “Ea konplexuak kentzen ditugun, aurrekoekin egin ezina, oraingoekin egin dezagun, berandu baino lehen”.
Zein den honi guztiari hartzen diodan usain txarra? Hasteko, oso sailkapen sinplistatik abiatzen dela: bertan jaiotakoek eta kanpotarrek osatzen dute herria. Talde horietako bakoitzari ezaugarri batzuk txertatzen zaizkio gainera, albistean esan gabe doazenak. Bertan jaioek euskal kultura ondo ezagutzen dute eta horregatik ez dute ikastarorik behar. Gainera, toleranteak dira eta elkarbizitza arauak errespetatzen dituzte, eta beraz, zilegitasun osoz erabiltzen dituzte zerbitzu publikoak. Aldiz kanpotarrak… kanpotarrak problema dira. Konpondu daitekeen problema, baina problema, azken finean. Derrigortuko ditugu guk hain ondo ezagutzen dugun euskal kulturari buruzko ikastaro bat egitera, eta horrekin hasiko dira gutar egiten.
Mende hasierako euskal nazionalismoak egin zuen akats estrategiko bera errepikatzen hasteko bidea dela iruditzen zait: etorkinarengan bestetasuna, arroztasuna ikusten tematzea, desberdintzen gaituen horretan jartzea letra larria, gure posizioa zentimetro bat mugitzeko gai ez izatea, lan guztia beste horiek, ezagutu ere egin nahi ez ditugun azal iluneko horiek egin behar dutela pentsatzea. Eta orain, herria gobernatzen dugunez (eta, dena esan behar bada, hauteskundeak gerturatzen ari direnez), kultura zapaldu gisa eduki dezakegun instintu lizunduenari zabaltzen diogu bidea, gu baino txikiagoa dena derrigortzen saiatzea, alegia.
Joan den mendeko 60ko hamarkadan eskuineko nazionalismoaren desbideratze hori konpondu zen, ordea. Urte haietan, besteak beste Gabriel Arestik erakutsi zigun Anton eta Gilen, bata espainolez eta bestea euskaraz, berdin ari zirela biraoka zerrarekin tronko hura erdibitu ezinda. Ez zirela kaxeroa eta txurrianoa hain diferenteak. Biak zirelako langile. Biak pertsona. Arestik bata eta bestearen artean erabaki behar zuen momentuan argi eduki zuen: “Beti paratuko naiz/ gizonaren alde”. Abiapuntu horretatik bai, elkarrekin osa zezaketen Antonek eta Gilenek kultura berri bat.
Orain ere, irudipena daukat tankerako estrategia izango dela eraginkorra, nahi duguna kultura askatzaile berri bat bada. Daukadan zalantza da, ea hori ote den benetan nahi duguna. Ala, alderantziz, kultura erabili nahi ote dugun, gure nagusiei ondo ikasi diegun maneran, desberdina denari buruan mailuka egiteko.
Eranskina: Liberal multiculturalism masks an old barbarism with a human face (Slavoj Zizek, The Guardian, 2010-X-3)

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

anton eta gilenazkoitiaerrotze txostenaetorkinakgabriel arestizorrotzako portuan aldarrika
1 Iruzkin
    Juan Luis Zabala (e)k dio: Erantzun
    2011-04-26, 15:45

    Xabier Gantzaraini ere mugitu zaizkio begi gaineko ileak: http://paperekoa.berria.info/berria/2011-04-17/004/002/betebeharrak.htm

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Hil ezazue presidentea! (fikzioan, betiere)2011-04-13
XXI. mendeko euskaldunaren bila2011-04-27
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA