Hil ezazue presidentea! (fikzioan, betiere)

Gorka Bereziartua
2

JFKren hilketari buruz idatziko du Stephen Kingek hurrengo nobela

Martxokoa da notizia: Stephen King-en hurrengo nobelak Amerikako Estatu Batuetako historiaren azken mendeko pasarte ezagunenetako bat izango du ardatz, John Fitzgerald Kennedyren hilketa. 11/22/63 izango da titulua, 1963ko azaroaren 22an saltarazi baitzioten kaskezurra Kennedyri. Kingen nobelako protagonista eskola-irakasle bat izango da eta denboran atzera bidaiatuz hilketa geldiarazten saiatuko da.

Ezin esan King oso sintetikoa izan denik istorioa kontatzean: 1.000 orrialde inguru izango ditu nobelak, aurtengo azaroan publikatzen denean. Mota horretako liburuek badituzte abantailak: irakurtzen hasi eta gustatzen ez bazaizu, beti erabili dezakezu muskulazioa egiteko; desabantailak ere badaude noski: “poltsiko-edizio” espresioa txiste bihurtzen da horrelakoekin, giza-kangurua ez baldin bazara.
Baina ez gaitezen joan deabruen teilatuetatik, ez baikara etorri liburuen luze-laburren kontura txisteak egitera. Kingen nobela aipatu badugu da, Ipar Amerikako zinemagileek eta idazleek maiz erabili izan duten motibo bat hartu duelako berriro: magnizidioa. Kennedyren hilketa bera beste hainbat nobelatan azaldu da, Don DeLilloren Libran eta James Ellroyren American tabloiden, berbarako, baita JG Ballarden The Assassination of John Fitzgerald Kennedy Considered as a Downhill Motor Race ipuinean ere, Oliver Stonek duela hogei urte zuzendu zuen JFK filma ahaztu gabe.
Atzera begira jarrita, beharbada Abraham Lincoln asasinatu ostean Walt Whitmanek eskaini zion O Captain! My Captain! poema ezaguna da Estatu Batuetako magnizidio literaturaren momentu fundazionala (Bingen Ametzagak itzuli zuen euskarara Ontziburu! Nire ontziburu! tituluarekin):

Ontziburu!, nire ontziburu!, amaitu da gure itsasaldi ikaragarria.
Ontziak aldera egin ditu uharri guztiak,
begiratzen genuen saria irabazi dugu.
Hurbil da portua, aditzen ditut joaleak eta herri osoak zuri goraka,
begiak ontzi sendoari, ontzi ausart eta harroari jarraitzen zaizkiola.
Baina, ai ene!, ene bihotz!, ene bihotz!, ene bihotz!,
odol tanta gorriak erortzen dira geldiro, nire ontziburua
zerraldo eta hilotzik datzan zubian.

Lau izan dira yankee-en herrialdean karguan zeuden bitartean eraildako presidenteak: aipatu berri dugun Abraham Lincoln izan zen aurrenekoa 1865ean; James A. Garfield hil zuten ondoren, 1881ean; XX. mendea hasi berritan, 1901ean, anarkista batek William McKinley tirokatu zuen; eta 63an etorri zen beharbada ezagunena den Kennedyren hilketa. Horiekin batera, noski, porrot egin duten beste hamaika saiakera, baita horien atzean zeuden konspirazio, kontubernio eta konplot guztiak ere. Fikziorako material paregabea, alegia, idazleek ederki probestu dutena.

Lincolnen hilketa ilustratzen du goiko marrazkiak

Alde horretatik, problema handia dago Euskal Herrian: lehendakariak eszenatik desagertu izan direnean, hurrengo hauteskundeetan parte ez hartzea erabaki dutelako izan da, edo hauteskundeak galdu dituztelako, edo, kasurik beltzenean, Jose Antonio Agirrerenean, gerrak deserriratu zuelako. Baina boterean dagoen lehendakaririk ez dute hil hemen, nik dakidala; eta horregatik, ez da euskal magnizidio-literaturarik garatu, zoritxarrez.
Jarraitu aurretik ohar bat: ez naiz inor animatzen ari ezer egitera; eta, atzera begira, ez naiz arranguratzen inork lehendakaririk hil ez duelako ere. Badaezpada diot, ez baita jakiten zer-nola-noiz esateagatik bukatu behar duen batek epailearen aurrean deklaratzen.
Dena den, gurean magnizidiorik gertatu ez izanak ez du esan nahi mota horretako literaturarik jorratu ezin denik. Ukronia genero aski zabaldua da, eta kasu honetan dauzkan aukera guztiak erakusten dituela iruditzen zait. Gertatu ez den historia kontatu beharko genioke gure buruari, klabe errealistan. Adibidez: Ibarretxe planaren garaian lehendakaria paretik kentzeko EAJko sektore autonomistek antolatutako konplota azalduko lukeen thrillerra edo Garaikoetxea eta Arzalluz elkarri mokoka ari ziren garaian batek bestea edo besteak bata hiltzeko antolatu zuen eliteko heriotz-eskuadroiaren berri emango ligukeen nobela… nik zer dakit.
Baten batek pentsatuko du joko inozoak besterik ez direla horrelako liburuak. Ez nago ados: magnizidioa behin bakarrik gerta daiteke presidente baten bizitzan. Aldiz, oraindik bizirik dagoen presidente baten hilketa fiktizioak milaka izan daitezke, idazleen irudimenak ematen dutena adina hilketa gertatu daitezke liburuetan.
Beraz, gobernu honekin, aurrekoarekin edo ondorengoarekin nazkatuta zaudeten idazleok, badakizue: animatu eta hil ezazue presidentea zuen liburuetan. Irakurleok gustura leituko dugu, zuek lasaiago geratuko zarete eta, ez eduki dudarik, lehendakariari asko gustatuko ez zaion arren, benetako hilketaren ondoan, nahiago izango duela nobelakoa.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA