Museoa masturbatzen duten bola txinatarrak

Gorka Bereziartua
3

'Arbola altua eta begia' obrako esfera metaliko batzuk

Aitortu behar dut: albistea limoi-ur parrastada bezala sartu zitzaidan begitik. Batere graziarik ez zidala egin, alegia. Guggenheimek –eta museoaren izena diogunean, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia diogu– Anish Kapoorren Arbola altua eta begia eskultura erostea erabaki du hiru milioi euro eta erdiren truke (leku batzuetan lau milioi euro ere irakurri dut; ez zait tontakeria iruditzen milioi erdi euroren gorabehera eta kopuru bata ala bestea ordainduko den baieztatzerik izan ez dudanez, biak esatea onena). Bilboko museoaren inguruan dauden putzuetako batean ikus daiteke artelana: hainbat bola metalikok osatzen dute; ispilu esferikoz egindako zuhaitzaren itxura dauka; edo, konparazio gaiztoagoetan sartuta –eta ez dugu “sartu” aditza debalde erabiltzen–, bola txinatar erraldoi batzuena.
Dagoeneko igarriko zenuten moduan, Kapoorren lanak –ezagutzen ditudanak behintzat, eta Guggenheimen bertan egindako erakusketan izan genuen batzuk ikusteko parada–, erabat desatseginak ez bazaizkit ere, ez daude nire gogokoenen zerrendan. Nolabait esateko, sentsazioa dut gehiegi makurtzen direla espektakulurantz. Gauza sotilagoak nahiago, aukeran. Alde horretatik, bat egiten dut The Economist aldizkariko artikulu batek Arbola altua eta begiari buruz esaten duenaren lehen partearekin, “pertzepzio-jostailu erraldoi” gisa deskribatzen baitu. Testuak aurrera jarraitzen du ordea, eta kritikaria pixkanaka Homer Simpson bihurtzen da, eskulturaz donut bati buruz bezala hizketan: “Handiagoa balitz, are hobea izango zen”.

Baina tira, nire arte gustuak erabat intuitiboak dira, ez naiz pertsona formatua eta guztiz normala, logikoa eta ulergarria da museo titanikoko arduradunek, askoz kriterio handiagoa duen jendea inondik ere, bestelako irizpideen arabera hartzea erabakiak. Kapoor puntako artista da, mundu osoan ezaguna eta Arbola altua eta begia Guggenheimen kolekzioan sartuta, beste behin esan ahalko dute Bilbo arte garaikidearen Mapamundian sartu dela.
Anish Kapoor

Intuizio hutsetik ordea, zenbait kontsiderazio egin daitezke eskulturaren erosketaz eta kokapenaz. Lehenengoa, ebidenteena, prezioa: hiru milioi euro eta erdi –agian lau–, kontu publiko guztiak estutzen ari diren garaiotan… lartxo iruditzen zait. Onpentsalari kulturzaleak esango du: “kulturan gastatzen denean egiten dizue odolak jauzi, beste edozein esparrutan dirutzak xahutzen dituzte eta txintik ez duzue esaten”. Hasteko, ez da egia, ezer gutxirako balio diguten azpiegituretan diru-publikoak barra-barra nola joaten diren salatzearen salatzez, aspergarri ere bihurtu baikara. Baina edonola: artelan batengatik hiru edo lau milioi euro ordainduta, ziur al gaude diru hori “kulturan” gastatu dela? Kultuago egiten gaitu Anish Kapoorren obra bat edukitzeak? Bilbotik atera gabe egin liteke konparazioa, eta Euskal Herriko artista baten lanaz hitz egingo dugu, ez dezaten esan xenofoboak garela: udaletxearen parean dago Jorge Oteizaren Esferaren desokupazioaren aldaera oboidea. Ia hamar urte joan dira inauguratu zutenetik eta… Bilbotarrak kultuagoak ote dira? Gehiago ote dakite arte garaikideaz? Funtsean: ulertu ote liteke eskultura hori, Oteizaren kezka estetiko-metafisikoak ezagutu gabe? Kulturan inbertitzeaz hitz egitean, ez ote genuke formazioan inbertitzeaz hitz egin behar, eta ez hainbeste obra hau edo beste hura guretzako edukitzeaz?
Galdera erretorikoak dira, noski (ze, Bilbao Escultural webgunean Oteizaren obra hori txapela batekin konparatzen dela ikusteak, horrek bakarrik, erantzuten dio galderari).
Baina betiko matraka da hori. Orokorkeria hutsa. Izan gaitezen originalagoak beraz. Kosta dena alde batera utzita, egin dezagun berba Kapoorren eskulturak Bilbon izango duen lekuaz. Esan bezala, Guggenheimaren ondoko putzuetako batean dago bola metalikoz osaturiko zuhaitza. Iñaki Estebani El Correon leitu diogunez, hezetasunak zertxobait herdoildu du obra dagoeneko eta museoaren buruek kaltea zenbaterainokoa den jakin nahi izan dute erosi aurretik.
Kapoorren 'Lainoaren atea' eskultura Chicagon

Estebanek –eta beste inork– aipatzen ez duena da, eskulturaren inguruko urmaelak, bestela ere kalte egiten diola. Konpara dezagun Kapoorren obra honen kokapena, artista beraren beste bi lan ezagunekin: Amerikako Estatu Batuetan, New Yorkeko Rockefeller Centerren dagoen Zeruaren ispiluarekin, batetik; eta Chicagon, Milurte Parkean dagoen Lainoaren atearekin, bestetik –azken horri, lagun artean “Babarrun metalikoa” ere esaten omen diote, Tolosako lekale ezagunarekin daukan antzekotasuna medio–. Diferentzia nabarmen bat aurkituko dugu Estatu Batuetan dauden bi eskultura horien eta Bilbokoaren kokapenak aurrez aurre jarriz gero: kalean bertan jarrita daudela han, edozein oinezkok ukitzeko moduan; edonor parean jarrita bere isla eskulturan ikusteko moduan; pertsonei, inguruaz duten pertzepzioarekin jostatzeko aukera emateko moduan.
Bilbon aldiz, lau ertzetan ura jarri diote, inor hurbiltzea galaraziz, modu pasiboan bada ere –ez diote harresirik jarri, oso gaizki ezkontzen duelako debeku esplizituak balore liberalekin; baina era inplizituan, debekua hor dago–.
Esan beharrik ez dago, erabakiak ondorio terribleak dituela obrarentzat: izan zezakeen bizi guztia kentzen dio, inguru aldakorra islatzeko sortu baitzen eta aldakortasun horren agente nagusiak pertsonak dira. Eta beraz, urmaelaren erdian paratuta, Kapoorren eskulturak ez du gehiago mereziko Arbola altua eta begia izena. Askoz hobeto egokituko zaio, bai nire ustez behintzat, Museoa masturbatzen duten bola txinatarrak. Barka umeak entzuten egon daitezkeen ordu hauetan horrelako hizkera erabiltzea.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA