Hernanikoa naiz eta hasieran sutu egiten nintzen horrelakoak irakurtzean. Eta ez debalde, maiz bizi naizen herria zelako artikuluaren jo-puntua. Espainiako prentsak gure inguru “gatazkatsu”-enetan barneratuta idazten dituen erreportaje sentsazionalistez ari naiz.
Pancorbotik beherako kazetari batek inguruotan goiz bateko buelta eman ondoren, ikuspegi ezin distortsionatuagoa eskaintzen duen artikulua egitea ez da kontu berria, baina herritar arruntari orain arte bi aukera bakarrik geratzen zitzaizkion horrelakoen aurrean: aurrenekoa, aipatutakoa, ahotik aparra botatzeraino amorratzea; eta bigarrena, testuaren penagarria ikusi, edozein irakurleren begietatik pasatuta zureetatik pasa denean bezain sinesgaitza behar dela pentsatu, eta beste konturen bati eskaintzea arreta.
Bestelako jarrerak ere hartu ahalko dira noski. Baten bat aipatzeagatik, Espainiako hedabideei eskatzea, idatz ditzatela erreportaje beharbada hotzagoak baina errealitatearekin harreman handiagoa dutenak, estatu-proiektu bat justifikatzeko propaganda merkea alde batera utzita. Baina ez garenez koloretako piruleten herrialdean bizi eta horrelako eskariekin ibiltzea Salvame Deluxe ikustea baino denbora-galtze handiagoa dela jakinik, irtenbide ez hain nekoso eta katarkikoagoa proposatzen ausartuko gara, erreportaje horien birdefiniziotik abiatuz.
Horra definizio berrirako proposamena, beraz: Espainiako prentsak zure herrian girotuta atera duen erreportaje hori ez da ohiko erreportajea, genero literario berri bat baizik. Generoari “abertzaleen mehatxupeko arrisku-narrazioa” deitzera ausartuko naiz, arriskua baita hain zuzen ere, jarraian zerrendatuko ditugun hiru ezaugarrien artean estilo berri honi izaera bereziena ematen diona.
Giroa: arriskua edonon dago. Euskal Herriko herri gatazkatsu batean baldin bazaude, gauzarik txikienak ere giro itogarria sortzen du. Izua, ikara, kakalarria. Eta irakurleari giro hori sentiarazi behar diozu, berdin du zer gauzarekin. Sinekdokea oso baliabide literario erabilgarria da kasu hauetan: zatiak osoa ordezkatzen du, detaile txiki beldurgarriak ematen du beldur osoaren tamaina. Adibide konkretu bat emateko, El Paísek igandeetan ekartzen duen aldizkarian duela lau urte argitaratutako El silencio de Hernani generoko maisulanetik hartutako aipu bat ekarriko dut (erreportajea ez dago jada El Paísen webgunean —ze errespetu gutxi artearekiko—; pasartea Mikel Iturriaren gaztelaniazko blogean aurkitu dut):
“En el preciso instante en que un grupo de niños comienza a jugar en la plaza Berri con negras pistolas de juguete perfectamente reproducidas, uno tiene que hacer un esfuerzo para convencerse de que en cualquier otro lugar de España, otros niños de la misma edad estarán jugando a la misma hora con las mismas pistolas que las de los niños de Hernani. ¿O no?”
(“Ume talde bat Plaza Berrin jostailuzko pistola beltzekin jolasten hasten den momentu berean, ahalegina egin behar duzu zeure burua konbentzitzeko Espainiako beste edozein lekutan adin bereko beste ume batzuk ordu berean Hernaniko umeen pistola berberekin jostatzen ariko direla. Ala ez?”).
Lekua: mendi arteko zoko ilun horiek. Literatura onak beti baliatu izan du istorioaren kokagunea kontatu nahi izan duen horri bestelako ukitua emateko; baita kazetaritzak ere, sorreratik bertatik. Gogoratu bestela Herodotok Historia liburuan nolako garrantzia eman zion Termopiletako pasabide estua ondo deskribatzeari, espartarrek eta pertsiarrek han elkar nola odolustu zuten kontatzeko. Bada, “abertzaleen mehatxupeko arrisku-narrazio” on batek, lekuarekin ere jolastu behar du izua, ikara, kakalarria areagotzeko. Emaitza osoa aurreko aipua bezain distiratsua ez bada ere, La Razónek argitaratutako La trinchera de Bildu nobela laburrak (labur-laburra, orrialde bakarreko testua baita, izatez) Lizartzaz egiten duen erretratua oso baliagarria zaigu esplikatu nahi duguna argi uzteko:
“Las campanas de la Iglesia rompen con cada golpe la sedación de este lugar sin tiempo. Un onírico cuadro de casas, fresnos y hayas: Lizarza, a 31 kilómetros de San Sebastián, en el valle Araxes. Un municipio de escasos 12 kilómetros cuadrados y 600 habitantes, el fondo recóndito de un cuenco en el que la sensación de atrincheramiento se refuerza por la altitud de las montañas que lo rodean”.
(“Elizako kanpaiek kolpe bakoitzarekin hausten dute denborarik gabeko leku honen lozorroa. Etxe, lizar eta pagoen koadro onirikoa. Lizartza, Donostiatik 31 kilometrora, Araxes bailaran. 12 kilometro koadro eskas eta 600 bizilagun dituen herria, sakonune ezkutu baten hondo-hondoan. Inguratzen duten mendiek indartzen dute lubaki batean egotearen sentsazioa”).
Pertsonaiak: pixka bat inozoak baina, batez ere, biolentoak. “Abertzaleen mehatxupeko arrisku-narrazio” batean pertsonaia nagusia kazetaria izaten da, heroi ausartaren rola jokatzen. Baina heroi guztiek behar dituzte kontrarioak, billanoak. Eta, bai, asmatu duzue, genero literario honetako gaiztoak, bai ala bai, bisitatu den herriko biztanleak dira. Burugogorrak eta inuzenteak izaten dira kasurik onenean; txarrenean berriz, kaskailuak, tontoak eta, batez ere, indarkeriarako joera nabarmena daukaten piztiak. Txikikeriarik txikienetan txikienak ere saltarazten ditu, ordua eskatzeak, kasu. Hara El Paísek Ondarroan egindako “España pinta poco aquí” obra sailkagaitzari urrezko amaiera ematen dion elkarrizketa:
“—¿Tiene hora, por favor?
—Arratsaldeko ordu bat erdiak dira [la 1.30 de la tarde]”.
—Perdone, pero no entiendo euskera.
—Pues aprende”.
(Ez dugu itzuliko parte hau, euskaldunek, baita elebakar direnek ere, ez dutelako itzulpenik behar “perdone pero no entiendo euskera” ulertzeko).
Eta generoaren ezaugarri behinenak azalduta, ez zait geratzen nire kezka azaltzea besterik. Bitxia baita hain gurea dugun literatura mota hau erdaraz bakarrik aurkitzea egun. Kazetari euskaldunen gremiokoei deia zabaldu nahi diet beraz: goazen Madrilgo inguru arriskutsuak ezagutzera, han ere bai baitaude abertzaleak (espainolak) bazterretan izua, ikara, kakalarria eragiten. Hainbeste, hango prentsa ere ez dela ausartzen gaia ateratzera. Ez dezatela esan gu ez garenik ausartu.
Abertzaleen mehatxupeko arrisku-narrazioa: genero literario baten zenbait ezaugarri
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Hemen atzokoan Riko Tabernei buruz idatzi dutena. Esaldi bat ere ezin ezabatu
http://www.abc.es/20111005/espana/abcp-herri-bazares-para-enaltecer-20111005.html
¿Cuánto valen esos chubasqueros azules?
—45 euros, responde el camarero. Llevan a la vista la inscripción «amnistía» y en el interior el anagrama que simboliza el traslado de los presos a «EuskalHerrria».
—¿Y esas sudaderas?
—35 euros —contesta ya desconfiado. Son prendas de color gris oscuro, con capucha incorporada y el lema «borroka». Hay incluso ambientadores, a dos euros —¿tendrán olor a pólvora, a cloratita, quizá a pentrita…?—.
Cuando se adquiere alguno de estos productos, no hay recibo que lo justifique. ¿Quién controla la caja? Se acumulan los interrogantes.